Politika -

PSE-EE

Konstituzioa Kongresuan aldatu behar dela esan die Mendiak EAJ eta EH Bilduri

EAJ eta EH Bilduk lortu duten akordioan aldaketa konstituzional bat dagoela gaineratu du Idoia Mendiak, eta aldaketa horiek Gorte Orokorren aurrean proposatu behar direla esan du.

Idoia Mendia. Argazkia: EiTB
Idoia Mendia. Argazkia: EiTB
Konstituzioa Kongresuan aldatu behar dela esan dio Mendiak EAJri

0:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia, PSE-EEko idazkari nagusiak, adierazpen batzuk egin ditu gaur, larunbata, Bilboko lehen talde sozialistaren eraketaren urteurrenean. 1886ko uztailaren 11n sortu zen aipatutako taldea.

Gernikako Estatutuaren erreforma egiteko EAJk eta EH Bilduk egin duten akordioak aldaketa konstituzionalak dituela bere barnean gaineratu du Mendiak. Horregatik, EAJ eta EH Bilduri gogorarazi die aldaketa horiek Gorte Orokorren aurrean proposatu behar direla, eta ez Eusko Legebiltzarrean.

"Nazionalismoak bere desirak Legebiltzarrean utzi ditu eta lekuz nahastu da. Horrek gatazka eta biktimismoa ekarri ditu, frustaziora eramanez; arriskutsua den bide horretan, ez dituzte sozialistak aurkituko", nabarmendu du Mendiak bere hitzaldian.

EAJk eta EH Bilduk egindako proposamenak "herritarrak kategoria" ezberdinetan banatzen dituela gaineratu du, eta hori askoz arriskutsuagoa dela. Gainera, "herritarren arteko banaketa hori egiteak zer dakarren" ere badakiela baieztatu du Idoia Mendiak.

"Gizarte moderno eta integratzaile batean" herritarren banaketa hori "pentsaezina eta onartezina" dela errepikatu du. Halaber, Eusko Jaurlaritzan PSE-EE egoteak "inor bere ideia edo sentimenduengatik ez baztertzea" ziurtutatuko duela esan du.

Kataluniako gatazkaz ere mintzatu da Idoia Mendia eta PPren Gobernuagatik "enkistatu" zela aipatu du. Bestalde, pentsiodunen pentsioen inguruan ere mintzatu da, eta Pedro Sanchezek "hitz egin eta galdutako eskubideak berreskuratu" nahi dituela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Idoia Mendia Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak