Politika -

Gabon zahar gaueko mezua

2011n 'xantaia eta terrorismoa' amaitzea espero du lehendakariak

Patxi Lopezek adierazi du 2011n "guztiontzako askatasuna behin betiko errotzea" espero duela, eta ekonomiari dagokionez, egun "iaz baino hobeto" gaudela nabarmendu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak espero du 2011 urtean Euskadi ez izatea "xantaiaren eta terrorismoaren beldur", "guztiontzako askatasuna behin betiko errotzea" eta "herritarren askatasunak aurrera egiteko energiak ekartzea".

Gabon zahar gaueko mezuan, Gasteizko Gobernuko buruak adierazi du euskal gizarteak "urteak" daramatzala "terrorismoaren amaierarekin amets egiten" eta, horren ildotik, 2010 "itxaropen handiagoekin" amaituko dela.

Lehendakariak gogorarazi du "irmo" aritu direla "balio demokratikoen defentsan eta ETAren aurkako borrokan", eta "mundu hori" [legez kanpoko ezker abertzalea] "mugitzen" hasi bada, "bide bakarra" duela sinestarazi diotelako gertatu dela. Bide hori, hain zuzen ere, "demokraziaren arauek eta balioek" ezartzen duena dela zehaztu du.

Patxi Lopezen hitzetan, bakerako eta askatasunerako bidea "denok batera, irmo eta lasaitasunez" egin beharra dago, "amesgaiztoa menperatu dugula eta demokraziak irabazi duela jakinda".

"2011 urte hobea izango da, aurrera egiten ari baikara, eta askoz azkarrago egingo dugu denok batera egiten badugu, Euskadiren taldea osatuta", gaineratu du.

Lehendakariak hitzak izan ditu "indarkeria terroristak utzitako biktima guztientzat" ere, eta "amesgaiztoaren amaieran" gaudela helarazi nahi izan die. Halaber, Jean-Serge Nerin ETAk martxoaren 17an hildako jendarme frantziarra aipatu du.

"Biktimen memoria terrorismoak eragindako sufrimenduaren oroimen iraunkorra izango da", nabarmendu du.

Krisi ekonomikoa

Egoera ekonomikoari dagokienez, Lopezek ziurtatu du "iaz baino hobeto" gaudela, eta ekonomia "hazten" hasi dela eta 2011n ere "are gehiago" egingo duela jarri du horren adibide.

"Industria (gure herrialdearen sostengu nagusia) suspertzen hasi da; turismoak gorakada handia izan du, bisitari kopuruen marka gaindituta; eta enplegua sortzen hasi gara", txalotu du. Nolanahi ere, aitortu egin du "oraingoz" euskal ekonomia ez dela iritsi "nahi dugun eta ahal dugun mailara".

Horrenbestez, lehendakariak "indarrak batzen" jarraitzeko deia egin du, eta ohartarazi du ez dela "zatiketak, gatazkak eta lurraldeen edo erakundeen artean liskarrak izateko garaia".

Bestalde, Abiadura Handiko Trena amaitutakoak Euskadi "hiri handi bat" balitz bezala komunikatuta egongo dela azaldu du.

Langabeak eta joan direnak

Hitzaldiaren hasieran, agintariak "txartoen dauden pertsonak" ekarri ditu gogora, hots, "langabeziaren haginkadak pairatu dituzten familiak", baina baita "negozioari eusteko zailtasunak izan dituzten enpresaburuak, dendariak eta autonomoak" ere.

Aurten hil diren pertsonak ere gogorarazi ditu, eta hiru aipatu ditu, guztien ikur gisa: Xabier Lete kantaria, "gauza guztien gainetik haren askatasuna aldarrikatu zuen euskal herritarra"; Marcelino Camacho CCOOko sortzailea, "bizitza osoa ahulenen eta askatasunen alde eman zuen pertsona"; eta Cristina Esteban, "haren bizia bizi nahi zuen, baina bikotekide ohiak hil egin zuen gaztea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea