Politika -
Memoria historikoa
'SF78 Gogoan' elkarteak bere gain hartu du Iruñean jarritako pankarten ardura
Espainiako Poliziak hainbat herritar deklaratzera deitu ditu, 1978ko gertakariak gogoratzeko eta German Rodriguezen hilketa salatzeko euren etxeko balkoietan pankartak jartzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Sanfermines 78 Gogoan!' elkarteak bere gain hartu du aurtengo sanferminetan Iruñeko hainbat etxebizitzatan jarritako pankarten ardura eta Poliziak hainbat herritarren aurka abiarazitako izapideak bertan behera uztea eskatu du.
Sabino Cuadra eta Presen Zubillaga elkarte horretako ordezkariek agerraldia egin dute, pankarta horien harira Poliziak hainbat herritar deklaratzera deitu dituela jakin ostean. Estatuaren kontrako balizko kalumnia delitua leporatzen diete.
Zubillagak azaldu du 1978ko sanferminetan Poliziak eragindako sarraskia –German Rodriguez gaztea hil zuten eta beste hainbat lagun tiroz zauritu zituzten- salatzeko jarri zituztelako "Estatu krimena" edo "Inpunitateari Stop" lelodun pankartak balkoietan.
"Pankarta horiei lotutako guztiaren ardura gure gain hartzen dugu, diseinua, prestaketa eta balkoietan jartzea; beraz, ez du zentzurik horren ardura beste inori egoztea", azpimarratu du.
"Kanpaina honen helburua 1978ko sanferminetako sarraskia gogoratzea eta salatzea zen. Poliziak bi pertsona hil zituen, bata Iruñean eta bestea Donostian, eta ehunka zauritu eragin zituen, tartean hamaika pertsona tiroz. 40 urte daramatzagu gertakari horiek Estatu krimena izan zirela esaten", nabarmendu du Zubillagak.