Politika -

Bilera sekretuak

Urkulluk eta Zapaterok ETAren amaieran elkarlanean aritzea adostu dute

Espainiako presidentea eta EAJren burua etengabeko harremanetan ari dira eta sei aldiz elkartu omen dira isilpean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea eta Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentea ETAren amaieran elkarrekin lan egiteko ados jarri dira, gaur El Pais egunkariak argitaratu duenez.

Horrez gain, krisi ekonomikoari aurre egiteko erreformetan ere lankidetzarako asmoa azaldu dute bi aldeek.

Euzko Alderdi Jeltzalea Espainiako Gobernuaren lehentasunezko aliatu bilakatu da. Horren seinale, El Paisek dionez, irailaz geroztik behin baino gehiagotan hitz egiten dutela Urkulluk eta Zapaterok. Gainera, sei aldiz elkartu omen dira isilpean, azkena azaroaren 30ean, Moncloan. Bilera horren ondoren, El Paisek gaur aipatzen duenez, elkarrekin afaldu zuten bi buruzagiek, eta baita Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, Elena Salgado presidenteordeak eta Josu Erkoreka eta Pedro Aspiazu diputatu jeltzaleek.

ETAk armak uzteari dagokionez, Zapaterok eta Urkulluk estrategia berdinaz hitz egin dute: hau da, ezker abertzaleari presioa egitea, aldi berean horrek ETAri behin betiko armak uzteko eskatu diezaion.

Arlo politikoan ez ezik, ekonomia gaietara ere heltzen da akordio hori. Urte amaierako azken egunak bete betean negoziatzen eman dituzte Iñigo Urkulluk eta Elena Salgado Ekonomia presidenteordeak. Kutxen berregituraketa prozesua eta pentsioen erreforma izan dira euren elkarrizketetako gai nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea