Politika -

Andoni Ortuzar

'Ez dugu EH Bildurekin hitzartutakoa baztertuko PSE sartzeko'

Andoni Ortuzar, EBBko presidentea, prest dago autogobernuari buruzko akordioa zabaltzeko, aldaketekin, "baina beti hitzarmen handietan oinarria jarrita, ez batzuk sartzekob besteak baztertuta".

Andoni Ortuzar, Radio Euskadin.
Andoni Ortuzar, Radio Euskadin.
Andoni Ortuzar, Radio Euskadin.

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, Andoni Ortuzarrek, Euskadiren estatutu berriaren inguruan EH Bildurekin hitzartutakoa defendatu du, Radio Euskadiko Boulevard saioan. Ortuzarren arabera, "sozialistak albo batean jarri dira, Espainiako Gobernuan Rajoy egonda euskal akordioaren kudeaketa zaila izango zela uste zutelako, baina orain gobernuan daude, EAJren botoekin, eta elkarrizketa egon beharko litzateke, EAJk hartutako arriskuagatik".

Podemosen "bertigoa" izan dutela uste du jeltzaleen presidenteak, "Madrilen gutxiengoa baina Euskadin gehiengoa duen akordio bat defendatzeko". Bilduk akordio bat lortzeko egindako "errealismo ariketa" onartzen duela esan du Ortuzarrek. "EAJ ez da mendira joan, Bildu hurbildu da EAJren jarrerara, bere posizioak defendatuta, eta onartu beharrekoa da", esan du. Jeltzaleak akordioa zabalagoa egitearen alde daude, baina Ortuzarrek esan duenez, "batzuk baztertu gabe besteak sartzeko; aldaketak, bai, baina akordio zabalagoak oinarri hartuta, ez dugu bazkidez ezta akordioz ere aldatuko", esan du.

Hitzartutakoari buruz, Ortuzarrek "existitzen ez diren gaietan ez nahasteko" eskatu du, herritartasuna eta naziotasun terminoak aipatuz. "Eskubideen gakoa herritartasuna da, hori oinarrizkoa da, eta Euskadi nazio bat dela esaten badugu, bere naziotasuna definitu beharko dugu, baina ez euskal/espainiar terminoetan; kanpoko gero eta jende gehiago dago".

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi bere jarrera zehazteko eskatu dio, "Euskadi eta Kataluniarentzako autogobernuan noraino heldu nahi duen" jakiteko. "PSOEren Granadako dokumentu hartatik ez du ezer berririk esan", gehitu du.

Transferitzeke dauden eskumenak eta Gernikako Estatutua betetzea izango dira "beste froga-harri garrantzitsu bat, urte bukaerarako bideratuta izan behar dena". Kartzela politikari dagokionez, EAJko buruak Espainiako Gobernua egiten ari den lana ulertzen duela esan du. "Iragarpen publikoekin geratzen naiz; arrazoizko urratsak emango dituzte, biktimak mindu gabe baina aurrera eginez", esan du.

Alderdi Popularra zuzentzeko lehiari buruz, Andoni Ortuzarrek "buru irekia" duen lider bat nahiko luke, "Espainian gertatuko denak, batzuk Bigarren Trantsizioa deitzen dutenak, buru irekia duten jendea eskatzen du eta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Andoni Ortuzar Espainiako Gobernua Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak