Politika -

Katalunia

David Bonvehi PDeCATeko presidente izendatu dute bozen % 65ekin

Bere hautagaitzak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren babesa izan du, eta alor kritikoari pisua kentzea lortu du.

David Bonvehi, PDeCATeko buruzagi berria, Quim Torrarekin. Argazkia: EFE
David Bonvehi, PDeCATeko buruzagi berria, Quim Torrarekin. Argazkia: EFE
David Bonvehi izango da PDeCATeko presidente berria

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Bonvehi PDeCATeko presidente izendatu dute, alderdi horretako Batzar Nazionalean bozen % 65,27 eskuratuta. David Torrentsen hautagaitzak botoen % 28,9 lortu ditu.

Igande goiz honetan aurkeztu ditu Bonvehik bere hautagaitza osatuko duten 29 izenak: bera presidente moduan, eta Miriam Nogueras presidenteorde gisa, besteak beste.

Bere hautagaitzak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren babesa izan du, eta alor kritikoaren garrantzia arintzea lortu du, izan ere, ez ditu zuzendaritzan sartu Miquel Buch eta Damia Calvet kontseilariak. Gainera, Pascalen laguntzaile anitz sartu ditu taldean.

Bestalde, Carles Puigdemontek sustatutako Crida Nacional per la Republica proiektuan PDeCAT integratzea da azken helburua eta horretaz, hain justu, arduratuko da PDeCATeko batzorde ordezkaria. Batzorde hori osatuko dute espetxean dauden hiru kontseilari ohiek (Jordi Turullek, Josep Rullek eta Joquim Fornek) eta Belgikan dagoen Lluis Puig Kultura kontseilari ohiak, erabaki hori bozen % 93,9k babestu ostean.

Puigdemonten mezua

Carles Puigdemont PDeCATeko Batzorde Nazionalean ere izan da. Alemanian grabatutako bideo baten bidez parte hartu du batzarraren itxiera-ekitaldian, eta Crida Nacional proiektuarekin bat egitera deitu du. "Tokatzen zitzaiguna eta jende guztiak espero zuena egin dugu", azpimarratu du.

Zentzu berean mintzatu da Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea. PDeCATeko Batzorde Nazionalaren itxiera-ekitaldian ere hitz egin du Torrak. Crida Nacional proiektua babestera animatu du, eta Puigdemonti buruz esan du "zeharkako buruzagitza" ordezkatzen duela. Torraren iritzian, horren proiektuarekin bat egiteak "aukera" dakar Kataluniako independentzia lortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak