Politika -

Irregulartasunak

Masterra 'garbi eta legez' lortu zuela esan du Cifuentesek epailearen aurrean

Carmen Rodriguez Medel Madrilgo 51. Instrukzio-epaitegiko epailearen aurrean ordu eta erdiko agerraldia egin du Madrilgo presidente ohiak.

Cifuentes, bere masterraren ustezko aktarekin. Argazkia: EFE
Cristina Cifuentes. EFE
Cifuentes, bere masterraren ustezko aktarekin. Argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irakasgai guztiak inolako irregulartasunik gabe gainditu ondoren Master bukaerako lana aurkeztu eta epaimahai baten aurrean defendatu zuela errepikatu du gaur Cristina Cifuentes Madrilgo presidente ohiak epailearen aurrean. Gainera, eskoletara ez joateko zuzendariaren baimena zuela berretsi du Cifuentesek.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Carmen Rodriguez Medel Madrilgo 51. Instrukzio-epaitegiko epailearen aurrean ordu eta erdiko agerraldia egin du Cifuentesek. Prebarikazioa, funtzionarioen eroskeria eta agiriak faltsutzea egotzita, epailea politikaria ikertzen ari da.

Orain arte eskainitako gidoitik ez da atera Cifuentes agerraldian, eta bere tesiaren puntu guztiak mantendu ditu. Horrela, masterrean gertatutako guztia “erabat legezkoa” izan zela defendatu du.

Enrique Alvarez Conde Zuzenbide Publikoko Institutuaren zuzendaria irakasleekin bere bitarteko bakarra izan zela azaldu du Cifuentesek. Conderekin akordio batera heldu eta masterreko eskoletara ez joateko baimena eman omen zion.

Master bukaerako lana egin ez-ezik, epaimahaiaren aurrean bost minutu eskasetan defendatu zuela adierazi du politikariak, baina noiz, nortzuk osatzen zuten aretoa eta idazlana non dagoen ez du gogoratzen. Baliteke etxe-aldaketa batean galtzea, erantsi duenez.

Cifuentesen hitzetan, ebaluazio-akta polemikoa unibertsitateak berak bidali omen zion, berak eskatu gabe. Hiru irakaslek ustez akta faltsutu zuten, Conderen oniritziarekin eta Cifuentesen ingurukoen ustezko presioen artean.

Hiru irakasgairen baliozkotzeari dagokionez, unibertsitateari bakarrik dagokion gai akademikoa bat dela esatera mugatu da. Amalia Calonge, ustez bere notak aldatu zituen funtzionarioa, apenas ezagutzen duela esan du Cifuentesek.

Presioak irmo ukatu ditu PPko buruzagi ohiak, zenbait ikerturen eta lekukoren bertsioen aurka. Conde, Maria Teresa Feito Madrilgo Gobernuaren aholkulari ohia eta Javier Ramos URJCko errektorea seinalatu zituzten bertsioek.

Castilla plazako hitzordura garaiz iritsi da Cifuentes, 16:30ean.

Komunikabide ugari zain zituen epaitegietako sarreretan, baina Cifuentesek saihestea lortu du sartzean zein ateratzean. Horretarako eraikineko garajea erabili du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril