Politika -
Bilbon
Eusko Jaurlaritzak ez du debekatuko presoen aldeko larunbateko martxa
Manifestazioaren aldeko 4.500 atxikimendu baino gehiago jaso dituztela jakinarazi dute Niko Moreno eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko ordezkariek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ez du larunbateko presoen eskubideen aldeko manifestazioaren aurkako neurririk hartuko, auzitegiek ez badiote horrelakorik eskatzen. Martxa Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko da 17:00etan.
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta PPk atzo eta Upy Dk eta Dignidad y Justicia elkarteak gaur manifestazioa debekatzea eskatu diote Auzitegi Nazionalari. Horien ustez, presoen argazkiak eta pankartak erakutsi daitezkeenez, martxa legez kanpokoa izan litekeela argudiatu dute.
"Egin dezagun urratsa" taldeak deitu du manifestazioa eta Etxeratek eta Gernikako hitzarmenaren sinatzaileek (EA, ezker abertzalea, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna) babestu dute. "Egin dezagun urratsa" ekimenaren webgunean 4.500 atxikimendu baino gehiago jaso dituztela jakinarazi dute Niko Moreno eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko ordezkariek, gaur Bilbon egindako agerraldian.