Politika -
Bilbon, larunbatean
Covitek ere presoen eskubideen aldeko martxa debekatzea eskatu du
Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Elkartearentzat, bestalde, "iraingarria" da Realeko zortzi jokalarik manifestazioan parte hartzeko deiarekin bat egitea.
Erredakzioa
Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak bat egin du AVTk, Voces contra el Terrorismok, UPyDk eta PPk Auzitegi Nazionalari eta Herrizaingo Sailari euskal presoen eskubideen alde larunbaterako Bilbon deitu duten manifestazioa debekatzeko egin dioten eskariarekin.
Covite "nazkatuta eta nekatuta" agertu da "ETAren amaiera heltzear dagoela entzuteaz", are gehiago "duela gutxi mehatxu gutunen berri izan dugunean eta agiriak faltsutzeko materiala lapurtu dutenean".
Testuinguru horretan, gaitzetsi egin du "etapa hiltzailea amaitutzat jotzeagatik soilik terroristek beste zentro batzuetara gerturatzeko eskubidea" izatea, "zigorrak murriztea, kartzelatik ateratzea eta justiziari ordainik ez ematea".
"Badakigu gaitzespen moralak ez diela eragiten, baina argi gera dadila biktimen gehiengoari kartzela-zigorrak ez digula konpentsatzen", gaineratu du biktimen elkarteak.
Realeko jokalarien kontra
Bestalde, Covitek "iraingarri" jo du Realeko zortzi jokalarik presoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartzeko deiarekin bat egin izana.
Coviteren arabera, "gure senideen hiltzaileen" aldeko manifestazioaren alde agertu dira Mikel Aranburu, Imanol Agirretxe, Jon Ansotegi, Mikel Gonzalez, Mikel Labaka, Eñaut Zubikarai, Markel Bergara eta David Zurutuza, baina "inoiz ez dira biktimen alde publikoki agertu".
"Umiliatu egiten gaitu pribilegiatu horien zinismoak, izan ere, probintziako talde nagusiaren jokalariak dira eta milaka gipuzkoar ordezkatzen dituzte astebururo partidu ofizialetan, eta zaleen babesa jasotzen dute datozen belaunaldien eredu diren horiek", Coviteren esanetan.
Gainera, Realeko jokalari horiek"“irudi publikoa aprobetxatuz mehatxuak, hilketak eta bahiketak egin dituzten presoei elkartasuna adierazteko manifestazioaren publizitatea" egin dutela salatu du.
Covitek bi galdera bota dizkie jokalariei: ea "bortxatzaileen, droga-trafikatzaileen, pederasten eta proxeneten aldeko manifestazio batean" parte hartuko luketen eta ea zergatik "babesten dituzten hainbeste pertsona hil dituztenak".
Dena dela, Covitek azpimarratu duenez, "herri honetako futbolari profesional gehienek ez dute bat egiten zortzi jokalari horiekin". Era berean, "futbol liga profesionaleko taldeei terrorismoaren biktimen aldeko ekimenen alde publikoki ager daitezela" eskatu diete.