Politika -

Miñano auzia

Batzordeak Fiskaltzara joko du auzipetuek berriz planto egiten badute

Gaurko Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean deklaratzera deituta zeuden bi auzipetuak ere ez dira agertu, astelehenean Iñaki San Juanek egin bezala.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean Miñano auzia ikertzen ari den batzordeko presidenteak, Juango Agirrezabalak (EA), ohartarazi du deklaratzera joan ez diren auzipetuak berriz deituko dituztela, eta bigarrenez agertzeari uko egingo baliote, desobedientzia delitua egotzita Fiskaltzara joko lukeela.

Horren ildotik, Agirrezabalak nabarmendu du ez duela onartuko Gasteizko Ganberari "errespetua faltatzea".

Arabako ustezko ustelkeria eta espioitza politiko auzien erantzukizun politikoak aztertzen ari den batzordeak astelehenean egin zuen lehen saioa, eta harrezkero hiru auzipetuk uko egin diote taldeei azalpenak emateari.

Gaurko Ainhoa Bilbao eta Araceli Bajo zeuden deituta. Auzipetu nagusien emazteak dira, eta ustez dirua era irregularrean jaso zuen enpresako ordezkariak.

Azkenean ez da batere agertu. Ainhoa Bilbao, Alfredo de Miguel Arabako ahaldun ohiaren emazteak, ziurtatu du ez duela zitazioa jaso, eta Araceli Bajok, Aitor Telleriaren emazteak, argudiatu du batzordeak ez duela bermatzen errugabetasun-presuntzioa.

Astelehenean, Iñaki San Juan Errexal eta Ortzi Muga enpresetako kudeatzaile eta Leioako (Bizkaia) zinegotzi jeltzale ohiak ere egin zin muzin batzordeari.

PSEk eta PPk kritikatu egin dute aipatu hiru pertsonak ez agertzea "errespetu falta" dela Eusko Legebiltzarrarentzat.

Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkideak "aurpegia emateko" eta "alderdikide intsumisoen jarrera" salatzeko eskatu dio Iñigo Urkullu EAJko presidenteari.

"Hau ez da Batzoki bat, Eusko Legebiltzarra baizik, eta errespetua eta begirunea zor behar zaio", gaineratu du.

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak iruzkin labur bat utzi du bere blogean gai honi buruz. Batzordearen deiari erantzuteko eskatu die auzpipetuei jeltzaleen presidenteak. Ez deklaratzea erabakitzen badute, “hoberena” alderdiaren karneta bueltatzea dela uste du Urkulluk, “EAJri eskuak libre uzteko”.

Bere aldetik, EAJk (auzipetu batzuk alderdi horretakoak dira) adierazi du ulertu egiten duela batzordean deklaratzeko mesfidantza izatea, baina agerraldia egiteko eta laguntzeko dei egin die.

Maria Eugenia Agirrezabalaga EAJko legebiltzarkideak nabarmendu du zitazioa jasotzen duten pertsonek batzordearekin kolaboratzeko eta deklaratzeko beharra dutela.

Dena dela, auzipetuak deitzeko prozesua kritikatu du, eta bere alderdiak batzordeari "berme judizialak" betetzeko eskatu diola iragarri du.

Batzordeak astelehenean egin zuen lehen saioa, eta dagoeneko lau pertsonak egina izan beharko zuketen deklarazioa, baina oraingoz bakar batek egin du, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko teknikari batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea