Politika -
PRESOAK
Etxeratek senideak zeramatzan autobusaren kontrako erasoaren 'inpunitatea' salatu du
Presoen senideen elkarteak azpimarratu duenez, hurbilketak ezin du minutu bat gehiago ere itxaron.
EITB.EUS
Larunbatean Algecirasen euskal presoen senideak zeramatzan autobusaren kontra gertatu bezalako erasoen "inpunitatea" salatu du Etxeratek. Are gehiago, errepide horiek iragana izan behar luketela eta autobus horiek bide hori ez luketela egin behar nabarmendu du.
Urtzi Errazkin eta Patricia Velez Etxerateko bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Bilbon, larunbatean gertatutakoa salatu eta balorazioa egiteko.
Erasoa larunbat arratsaldeko zazpietan gertatu zen. Algeciraseko espetxetik irten eta Puerto eta Sevillako kartzeletara bidean zihoazela, objektu gogor bat jaurti zuten autobusaren aurka. Une horretan 11 lagun zihoazen ibilgailuaren barruan.
Kolpearen ondorioz, autobusaren ezker aldeko kristal bat txiki-txiki eginda gelditu zen. Une horretan, une horretan autobusa hirigune batetik zihoan, Algecirasgo espetxetik kilometro gutxira.
Sustoaz eta hautsitako kristalaz harago, ez zen kalte pertsonalik izan. Hautsitako kristalak erretiratu eta kalteen balorazioa egin ostean, autobusak itzulerako bidaia egin zuen.
Presoen senideen elkartearen esanetan, ez da beraien autobus eta furgoneten aurkako lehen erasoa.
Hori dela eta, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbildu eta gaixo dauden presoen askatasuna lehenbailehen gauzatzea eskatu dio Etxeratek Espainiako Gobernuari.