Politika -
Bilbon
Pedrazek baimendu egin du presoen eskubideen aldeko Bilboko martxa
Auzitegi Nazionaleko epaileak, hala ere, manifestazioa zaintzeko eskatu die Segurtasun Indarrei. AVTk, Dignidad y Justiciak, Covitek, UPyDk eta PPk debekatzea eskatu zuten.
Erredakzioa
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak baimendu egin du "Egin dezagun urratsa" kolektiboak deitu eta hainbat elkarte, pertsonaia ezagun eta erakundek babestu duten euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa.
Dena dela, larunbatean Bilbon egingo duten martxa zaintzeko eskatu die epaileak Segurtasun Indarrei, terrorismoa goratu ez dadin.
Guardian dagoen epaileak Jesus Alonso fiskalaren eskariz hartu du erabaki eta autoan azaldu duenez, ez dago "oinarririk deialdia ETAk edo beste erakunde terrorista batek egin duela esateko, eta ezta terrorismoa goratzeko edo biktimak umiliatzeko asmoa izango dutela esateko ere".
AVTk, Dignidad y Justiciak eta Voces contra el Terrorismok eskatu zioten debekatua Auzitegi Nazionalari terrorismoa goratzeko manifestazio bat izango zelakoan. Gainera, "euskal preso politikoen" eskubideak aldarrikatzea "ETAko kideei omenaldia egiteko aitzakia besterik ez" dela salatu zuten.