Politika -

Bilbon

Hamarna mila pertsona, ETAko presoen eskubideen aldeko manifestazioan

'Egin Dezagun Urratsa' taldeak deituta, alderdi politikoen eta eragile sozial eta sindikalen babesa izan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamarna mila pertsona Bilbon izan dira ETAko presoen eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Horrez gain, Espainia eta Frantziako gobernuei presoei kartzela politika berri bat ezartzeko deia egin diete.

Manifestazioa 17:40ean hasi da eta Bilboko hirigunetik ibili dira, ''Euskal Presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, eman dezagun urratsa'' lelopean. Pankarta, ETAko presoen senitartekoek zeramaten.

''Egin Dezagun Urratsa'' taldeak deitutako manifestazioan, protestari babesa eman dioten alderdi politiko abertzaleen ordezkariak izan dira: Peio Urizar EAko idazkari nagusia, Patxi Zabaleta Aralarreko kidea, Alternatibako Oscar Matute eta Abertzaleen Batasuna iparraldeko alderdiko hainbat ordezkari.

Hauekin batera, ezker abertzaleko eta Batasunako kideak ere izan dira: Rufi Etxebarria Batasunako koordinatzaile ohia, Rafa Diez Usobiaga LABeko lider ohia, Tasio Erkizia beteranoa, Txelui Moreno bozeramailea eta Jone Goirizelaia eta Iñigo Iruin ETAko presoen abokatuak.

Manifestazioan ez da istilurik izan. Sindikatu abertzaleen ordezkariek ere parte hartu dute: Adolfo ''Txiki'' Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB).

Manifestazioa 18:40ean bukatu da eta antolatzaileen bozeramaile bik, Iñaki Olasolo kazetariak eta Mari Feli Etxeandia ETAko preso baten senideak, adierazpen bat irakurri dute. Besteak beste, Espainia eta Frantziako gobernuei kartzela-politika berri bat ezartzeko esakatu diete, ETAko presoen oinarrizko eskubideak errespetatuz.

Manifestazioa deitu dutenen ustez, kartzela-politika "gatazkaren konponbide demokratikoa errazten duen parametroetan egon behar du. Gainera, konponbidea aurkitzeko prozesu horretan, ETAko presoek jarrera aktiboa izan behar dute Euskal Herriak bizi duen gatazka luze eta mingarriari amaiera emateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea