Politika -
NaBai
Ezker abertzalea ziur da Aralarrekin akordioa lortuko duela Nafarroran
Txelui Moreno "harrituta" agertu da Aralarrek arbuiatu duelako datozen hauteskundeetan batera aurkeztea.
Erredakzioa
Txelui Moreno ezker abertzalearen ordezkaria ziur agertu da azkenean Aralarrekin akordioa egongo dela Nafarroan, nahiz eta Patxi Zabaletak gidatzen duen alderdiak Batasunari esan datorren hauteskundeetan batera joateko aukerari ateak itxi dizkiola.
Morenok, Gorka Mayo ezker abertzalearen kidearekin batera, egindako prentsaurrekoan ETAren balizko komunikatua ere aipatu du; horren inguruan, ez dauka "inola zalantzarik" bandak agiri bat plazara eramango duela, baina "bere erritmoa ez da politikakoa bezalakoa".
Ezker abertzalearen bozeramaileak adierazi duenez, "harrituta" geratu da Aralarrek arbuiatu duelako datozen hauteskundeetan NaBain batera aurkeztea eta Patxi Zabaletaren alderdiari "hausnarketa egin, eta abertzaleen eta ezkertiarren ekintza bateratuetara bueltatzeko" eskatu dio.
Morenoren hitzetan, ezker abertzalea eta Aralar lau aldiz bildu dira abenduan hauteskundeen inguruko akordio bat bilatzeko asmoz. Bilerak "zuhurrak" izan dira, ezker abertzalearen bozeramaileak esan duenez, eta Aralarrek eskatuta; eta alderdi horrek ere eskatu zuen "aldebikoak" izan zitzaten bilerak, "nahiz eta guk ez genuen inolako arazorik EA ere bertan egoteko".