Politika -
Su-etena
Rubalcaba: 'Ez da albiste txarra, baina ez da espero duguna'
Gobernuko lehen presidenteordeak ohartarazi du ETAk "balizko negoziazioaren bermatzailea" izatea eta indarkeriak "ordain politikoa" edukitzea nahi duela.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Barne ministroak zuhurtzia eskatu du ETAk su-eten "iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarri eta gero.
Erakunde terroristaren agiria ezagutu eta ordu gutxira Barne Ministerioan egindako agerraldi labur batean, Perez Rubalcabak adierazi du ETAk ez duela egin "espero duguna", nahi duten agiri bakarra indarkeria behin betiko iragarri behar duena baita.
"Ez da albiste txarra, baina ez da espero duguna", nabarmendu du.
Ministroak azaldu du Gobernuak ez dituela baloratzen ETAren adierazpenak, baina kasu honetan egin nahi dutela, agiriak "adierazpen eta itxaropen asko" ekarriko dituelako.
Horren ildotik, Rubalcabak zuhurtzia eskatu du, eta agiri honekin ETAk "balizko negoziazio baten bermatzailea" izatea eta "indarkeriaren amaierak ordain politikoa" edukitzea nahi duela ohartarazi du.
PSOEk "egintzak" nahi ditu
Marcelino Iglesias PSOEko Antolakuntza idazkariak esan du agiria "albiste inportantea" dela, baina "egintzekin eta baldintza barik" baieztatu beharko dela gaineratu du.
Prentsaurrekoan, PSOEren zuzendaritzako ''bigarrenak'' adierazi du agiria Gobernuaren eta Segurtasun Indarren "lanen eta estrategiaren ondorio" dela.
Horren ildotik, gizartea eta alderdi politikoak "egoerak eskatzen duen mailara" egotea espero duela aldarrikatu du.
PP: "Ezer berririk"
Maria Dolores PPko idazkari nagusiak ohartarazi du su-etena "geldialdia" baino ez dela, izan ere, bere iritziz, ETAk betiko gauza berdinak esan ditu, "eta ez da damutu eta ez du barkamenik eskatu".
Prentsaurrekoan, Cospadalek 2006ko su-etenaren adierazpen berdina irakurri du.
Horretan, PPk aldarrikatu egiten du nahi duten agiri bakarra "desagertzea eta ekintza kriminalen amaiera iragartzen dituena" dela, eta "ordain politikorik" ez ematea eskatzen du.