Politika -
Su-etena
ETAk 'xantaia' egin du azken agirian, UPyDren arabera
Gorka Maneiro legebiltzarkideak uste du ETA dela "eskubideak urratzen dituena, askatasuna galarazten diguna eta eztabaida politikoa berdintasunean egitea galarazten duena".
Erredakzioa
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkidearentzat ETAk "xantaia" egin du azken agirian, izan ere, euskal herritarren eskubideen "defendatzailetzat" jo du bere burua "justu kontrakoa denean". "Bera da gure eskubideak urratzean dituena, askatasuna galarazten diguna eta eztabaida politikoa berdintasunean egitea galarazten duena", Maneiroren esanetan.
EAEko UPyDren bozeramaileak prentsa-agiri batean azaldu duenez, "agiria ez da ezer ETAk ez baitu desegin dela iragartzen. Ez du balio eta onartezina da. Iraina da euskal gizartearentzat. ETAk ez du ulertzen bera dela Euskadin soberan dagoen bakarra eta libre izateko dagoen oztopoa".
Era berean, Maneioren ustez "ETAk ezin dio ezer aholkatu gizarteari, nahikoa heldua baita askatasunaren etsai bakarra ETA dela jakiteko. Su-etenak ez du balio, hori xantaia baita gizartearentzat".
Diezentzat "iraingarria" da testua
Rosa Diez UPyDren diputatuak, bere aldetik, agiria "iraingarria" dela esan du, ETAk ez dituelako helburuak baztertu eta bere amaiera demokraten "lanak" eragindako "porrotak" soilik lor dezakeela uste du.
Diezen esanetan, agiri berriarekin "demokraziari xantaia" egin nahi diote eta ez dute ulertu indarkeria "ez dela bateragarria helburu politikoekin".