Politika -
Su-etena
ETAren erantzuna 'positiboa' izan da, Currinen esanetan
Bitartekari hegoafrikarrak begi onez jo du agiria eta uste du ETAk ez duela "baldintzarik ezartzen" Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko, dituen "itxaropenak" azaltzen ditu.
Erredakzioa
Brian Currin Hegoafrikako abokatu eta bitartekariak begi onez ikusi du ETAren agiria eta nazioarteko zenbait bitartekarik, Bakearen Nobel saridunak tarteko, Bruselako adierazpenean egin zioten eskariari erantzun "positiboa" eman diola uste du.
"ETAk era positiboan erantzun dio gure eskariari", adierazi du abokatuak bere izenean, ez bitartekari taldearen izenean.
Abokatuaren "ulertutakoaren" arabera, ETAk emandako su-eten "orokorrak" bere barne hartzen ditu "indarkeriarekin lotutako ekintza guztiak", enpresarien kontrako mehatxuak besteak beste. "Beste pauso bat da, oso garrantzitsua", berretsi du Currinek.
Era berean, abokatu hegoafrikarrak dio ETAk ez duela "baldintzarik" jarri Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko, dituen "itxaropenak" azaldu omen ditu, autodeterminazioa eta independentzia lortzeko aukerak bereziki. "Epe horretan, su-etenean, mahai gainean gai politikoak jarri eta jorratu behar direla esan dute", zehaztu du.
"Alde bakarreko adierazpena da. Ezin da irakurketa gaiztorik egin. Ez dute esan ''su-etena emango dugu Gobernuak A, B edo C egiteko konpromisoa hartzen badu''. Ez dute hori esan. Su-eten iraunkorra, egiaztagarria eta orokorra aldarrikatu dute zalantzarik gabe", berretsi du.
"Adostutako" erantzuna, "datozen egunetan"
Currinek azaldu duenez, harremanetan jarri da Bruselako Adierazpenaren sinatzaile guztiekin eta "datozen egunetan" ETAren agiriari "adostutako" erantzuna emango diotela jakinarazi du.