Politika -

Su-etena

ETAren su-etena, nazioarteko hedabideetan

Europako eta Hegoamerikako hedabideek batez ere, azaletara edo barruko orrialde nagusietara eraman dute albistea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk su-eten "iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria" eman duela jaso dute munduko hamaika egunkarik eta batzuk azalera ere eraman dute albistea gaurko argitalpenean edo webgunean.

Frantziako prentsan, Le Figaro-k portada erdian jarri du albistea online argitalpenean. Egunkariak azaltzen duenez, "euskal erakunde separatistak dio oraingoan nazioarteak egiaztatu ahal izango duela su-etena. Espainiako Gobernuak, etsita, gehiago espero zuen, borroka armatua behin betiko utziko zuela".

Le Monde-k ez du albistea azalera eraman, baina Europa atalean agertzen da: "Euskal erakundeak ''su-eten iraunkorra eta orokorra'' proposatzen du, ''nazioarteak egiaztatu ahal izango duena''".

Alemaniako prentsan, ordean, Bild-ek eta Die Zeit-ek ez dute albistea lehen orrian argitaratu.

Erresuma Batuan bai, garrantzia eman diote albisteari. The Guardian-ek azalaren erdialdean kokatu du ETAren su-etenaren albistea: "Euskal separatistek erasoen etenaldi iraunkorra proposatu dute, eta nazioarteko ikuskatzaileek egiaztatuko dute".

BBC-rentzat, Europa saileko albiste nagusia da: "ETAko euskal separatistek su-eten iraunkorra iragarri dute Espainiarengandik independentzia lortzeko borrokan, baina Espainiako Gobernuak garrantzia kendu dio adierazpenari".

The Irish Times-ek dio, Mundua saileko albiste garrantzitsuenen artean, Zapaterorentzat ETAren agiria ez dela "nahikoa".

Italiako Il Corriere della Sera egunkarian, azaleko erdialdean, ETAk su-eten "iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria" eman duela irakur dezakegu: "Euskal talde separatistak armak uzteko erabaki iraunkorra hartu. Distentsiorako azken pausoa da. Urte eta erdiz ez da erasorik izan Espainian".

AEBetan, CNN-rentzat albiste garrantzitsuenetako bat da eta honako izenburua jarri dio albisteari: "ETAk su-eten iraunkorra iragarri du". The New York Times-ek, berriz, oso tratamendu desberdina eman dio albisteari, eta ez du albiste nagusien artean kokatu.

Wall Street Journal-en Europa ataleko azalaren erdialdean jarri dute. Bertan azaldu dutenez, "ETA euskal talde separatista armatuak armak betiko utziko dituela iragarri zuen astelehenean, baina Espainiako Gobernuak errefusatu egin du adierazpena".

Hegoamerikan, Clarin egunkariko Mundua sailean honakoa irakur dezakegu: "ETAk beste su-eten bat eman du: Zapaterok errefusatu egin du".

Venezuelaklo El Nacional-en agiriaren bideoa ere ikus daiteke eta Mexikoko Universal-ek oso iskupuntu desberdina eman dio albisteari: "ETAk bi bertsio desberdin eman zituen, agiria gazteleraz irakurri zuenak ez baitu euskara menperatzen". Egunkariak azpimarratu du David Pla dela agiria gazteleraz irakurri duena, eta euskaraz irakurri zuena Iratxe Sorzabal edo Izaskun Lesaka izan litekeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea