Politika -

Su-etena

ETArengandik aldentzeko esfortzua aitortu dio Rubalcabak Batasunari

Hala ere, presidenteorde eta Barne ministroak zehaztu du oraindik hobetu egin behar duela. Gainera, argi adierazi du ezker abertzaleak ETA baztertzen ez badu, ez dela erakundeetan egongo.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta presidenteordeak aitortu du Batasuna ETArengandik aldentzeko esfortzua egiten ari dela, baina oraindik hobetu egin behar duela zehaztu du. Horren harira, ezker abertzaleari ETA baztertzeko ahal duen guztia egitea eskatu dio, bestela ez baitu erakundeetan egoteko aukerarik izango.

"Batasunari hobetu egin behar duela esan behar zaio. Nik ez dut ukatzen, egia ukatzea izango litzatekeelako, Batasuna esfortzuak egiten ari dela, baina ahal duen esfortzu handiena egin behar du, ETA baztertu edo armak utzi behar dituela sinestarazi, bestela, ez du erakundeetan egoteko aukerarik izango, sinets iezadazu", adierazi du Cuatro telebista katean egin dioten elkarrizketa batean.

Rubalcabak berretsi du "lasaiago" dagoela agiria irakurri ostean, izan ere, "hobe da agiria izatea, ez izatea baino", baina argitu du su-etenak ez duela esan nahi "ETAren amaiera" dela. "Amaieratik gertuago gaude? Bai, baina asko falta da", gaineratu du.

"ETAren inguruko hedabideek" agiriari buruz egin duten interpretazioaren harira, Rubalcabak esan du horren arabera, hemendik aurrera enpresariek ez dutela mehatxu gutunik jasoko. "Hori horrela, enpresariek badakite printzipioz amaitu direla mehatxuak, baina gauzak ongi egiten ez baditugu, itzuli egin daitezke. Horrek jendearen bizimodua aldatuko du, eta argi dago horrek hobera egin duela", aitortu du Barne ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea