Politika -
Igandean, Gasteizen
Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak lankidetza ituna sinatuko dute
Independentismoa, burujabetza eta ezkerreko politiken aldeko bidea sendotzeko helburuarekin, epe luzerako akordioa izango da eta autodeterminazioa izango da bizkar hezurra.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak lankidetza hitzarmena sinatuko dute datorren igandean Gasteizen, independentismoa, burujabetza eta ezkerreko politiken aldeko bidea sendotzeko asmoz, Euskadi Irratiak Gara egunkaria aipatuta jakitera eman duenez.
Hiru alderdiek agortutzat jo dute marko juridikoa eta bide baketsu eta politiko soiletatik aldaketa politiko eta soziala eragin nahi dute.
Gaurko egoerari erantzuten dion proposamen politikoa den arren, epe luzera begira egindakoa dela dio ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak elkarrekin egindako testuak, aldaketa politiko zein sozialerako subjektua eraikitzeko abiapuntu moduan. Alderdi bakoitzak bere identitateari eta helburu politikoei eutsi arren, elkarlanean arituko direla azpimarratzen dute, autodeterminazioa izanik hitzarmenaren bizkar hezurra.
Era berean, subiranotasuna gizarte aldaketaren zerbitzura erabili behar dela dio testuak, eta gizarte mugimenduekin elkarlanean aritzea ezinbestekotzat jotzen dute aldaketa prozesurako.
Berdintasunean oinarrituz, burujabetzaren aldeko proposamen guztiak estrategia desberdinetan txertatzearen alde egin dute, desberdinei garrantzia bera emanez.
Eta azkenik, bake bideen eta bide politikoen aldeko apustua egiten dute. Erantsiz, lan hori jarduera instituzionalaren bidez zein desobedientzia zibilaz garatuko dutela.
Hiru sinatzaileek, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak igandean aurkeztuko dute hitzarmena, Gasteizko Europa Jauregian.