Politika -
El Pais egunkarian
Fiskaltzak ez ditu delitutzat jotzen Gonzalezek ETAri buruz esandakoak
Presidente ohiaren elkarrizketa ikertzeko eskatu zion Ezker Batuak Fiskaltzari. ETAko zuzendaritza osoa hiltzea agintzeko "aukera" izan zuela adierazi zuen berriki presidente ohiak.
Erredakzioa
Estatuko Fiskaltzak ez ditu delitutzat jotzen Gonzalezek ETAri buruz esandakoak, horregatik, ez du ikerketarik abiatuko Ezker Batuak (EB) eskatu bezala.
Bilbon emandako prentsaurrekoan, EBk ezagutzera eman du Fiskaltzak bidalitako eskutitza. 80eko hamarkadaren bukaeran, ETAko zuzendaritza osoa hiltzea agintzeko "aukera" izan zuela adierazi zuen Gonzalezek El Pais egunkarian, eta ezetz esateko erabaki hori "zuzena" ote zen "zalantzan" zegoela.
Presidente ohiaren adierazpenetan indarkeria goratzeko eta goraipatzeko delito zantzurik ez dagoela azaldu du Fiskaltzak bere idazkian. Horrez gain, ez dute estalketa deliturik atzeman Gonzalezek esandakoetan.
Mikel Arana EBko koordinatzaile orokorraren hitzetan, Fiskaltzak "erantzunkizuna saihestu du" eta indarkeria gorapaitzeko delitua epaitzeko orduan, irizpide ezberdinak erabili ditu.
Fiskaltzak "Felipe Gonzalez Kode Penalaren gainetik jarri du", uste du EBko koordinatzaile orokorrak eta ondorioz, "GALekoen eta ''X'' jaunaren gaia lurperatu dute".