Politika -
Elkarrizketa
Gaztetxearen aurrean, aldaketa politikoa lehenetsi behar dela dio Foru Gobernuak
Halaber, Pedro Sanchezen gobernuak presoak Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzeko duen asmoa 'oso positiboa' dela esan du Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak.
Radio Euskadi | Eitb.eus
Maravillas gaztetxearen aurrean, aldaketa politikoa lehenetsi behar dela esan die ostegun honetan Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak Geroa Bairekin batera lauko gobernua osatzen duten gainerako hiru indar politikoei. Ildo horretatik, Iruñeko Udalak eta bestelako erakundeek ere auzi horretan zeresana dutela esan du. Halaber, egungo egoera 2004an Euskal Jai gaztetxea hustean bizitakoarekin alderatzeari uko egin dio, "garai hartan ez zegoelako autogestiorako aukerarik, baina gaur egun bai".
Alabaina, gazte batzuk Maravillas gaztetxea berriz okupatu ostean, "Marques de Rozalejo jauregia blindatzea ezinezkoa" dela azpimarratu du. Memoriaren Institutua bertan egin nahi dutela berretsi du Solanak. Hala, Foru Gobernuaren asmoa gauzatzeko gazteekin hitz egin eta eraikina husteko akordio batera iristen saiatuko direla jakinarazi du.
Uxue Barkos eta Pedro Sanchez irailean bilduko dira, eta Nafarroako presidenteak Espainiako Gobernuko presidenteari "autogobernuan sakontzeko" eskaera luzatuko diola aurreratu du Solanak.
Era berean, joan den astean sinatutako hezkuntza itunari garrantzia handia eman dio Nafarroako Gobernuko bozeramaileak: "Legegintzaldi honetan lortutako mugarria da. Murrizketei aurre egin diegu eta irakaskuntza publikoa bultzatzeko akordioa lortu dugu gehiengo sindikalarekin". Dena dela, PSNren jarrera gogor kritikatu du, "UPNrekin eta PPrekin batu baita oposizioa egiteko orduan".
Balorazio "positiboa" egin du presoak lekualdatzeko asmoarekin
Nafarroako Gobernuko bozeramaileak "positiboki" baloratu du Pedro Sanchezen gobernuak euskal preso batzuk Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzeko agertu duen asmoa, atzo bertan Fernando Grande-Marlaska Barne Ministroak erabakiaren berri eman ostean.
"Nafarroako Gobernutik balorazio positiboa egiten dugu, hori behin baino gehiagotan aldarrikatu dugulako legegintzaldi honetan", azpimarratu du Solanak.
Bere esanetan, "zuzenbideak agindutakoari jarraiki, legea bete besterik ez da egingo". Nafarroako Gobernuko bozeramailearen hitzetan, "legea errespetatuko litzateke, hau da, ez litzateke horren gainetik beste ezer ere egingo".
"Legea errespetatzen badugu, kasu honetan ezin litzateke beste modu batera izan", gaineratu du Solanak.