Politika -
Elkarrizketa ETBn
ETAren kontrako manifestazio bat eskatu dio Azkunak Batasunari
Bilboko alkateak uste du ezker abertzaleari "azken esprinta" falta zaiola. ETAren agiriaren inguruan, duela hamar urte "herriko plazan dantza eginez" jasoko zuela esan du.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna (EAJ) Bilboko alkateak uste du Batasunari "azken esprinta" falta zaiola ETAri desager dadila eskatzeko eta erakunde armatuarekiko harremana "amaitu" dela esateko manifestazio bat eskatu dio.
ETBren ''Egunon Euskadi'' saioan egin dioten elkarrizketan Azkunak azaldu duenez, ezker abertzalearen baitan "zerbait mugitu da". "Ezer ez dela mugitu diotenek ez dute egia esaten, zerbait mugitu da. Nahikoa ote den da zalantza", zehaztu du.
Bestalde, ETAren azken agiriaren inguruan, duela hamarkada bat kaleratu izan balute "herriko plazan dantzan" arituko zela esan du. "Baina gaur egun ez, gehiago eskatzen diogu, desager dadila eskatzen diogu", azpimarratu du.
Manifestazioa
Azkunaren esanetan, "agian falta zaiguna" ezker abertzalearen manifestazio bat da ETAri "amaitu" dela esanez.
"Zeren amaitu dela esan dute, baina eufemismoak alde batera utzi eta argi hitz egin behar da: ez dugu indarkeriarik nahi, ez dugu ETAk parte hartzea nahi, ETA desegitea nahi dugu. Azken sprinta falta da", Bilboko alkateak adierazi duenez.