Politika -
Gertakaria
Arin zauritu da Tapia sailburua Argentinan, zegoen igogailua 10 metro jausita
Belaunean kolpea hartu du Arantxa Tapiak; bisita ofiziala ari da egiten aipatutako herrialdean: 'Gure lan-agendarekin jarraitzeko prest' dagoela esan du Twitterren.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak "susto handia" izan du astearte honetan Argentinan; izan ere, bera zegoen igogailua 10 metro jausi zen. Bisita ofizialean dago Tapia, aipatutako herrialdean.
Gertakarian ez zen zauritu larririk izan, 'La Nacion' egunkari argentinarraren arabera, baina hainbat lagunek kontusioak jasan zituzten, tartean Tapiak; antza, kolpea hartu zuen belaunean.
Sailburuak, asteazken honetan, gertaeraren gaineko iruzkina argitaratu du sare sozialetan: "Zorionez, ondo gaude. Gure lan-agendarekin jarraitzeko prest. Eskerrik asko, bidalitako mezuengatik!", dio Tapiak.
Halaber, argazki bat argitaratu du; bertan, mantentze-langileak agertzen dira, igogailuaren atea zabaltzen saiatzen ari zirela. 'La Nacion' egunkariak istripuaren gainean argitaratutako albistearen esteka ere partekatu du.
Larrialdietako motelgailuek ahuldutako erorikoa
Dante Sica Argentinako Ekoizpen ministroa ere zegoen igogailuan, albisteak azaldu duenez; Tapiarekin batera, Argentinako Batasun Industrialaren XIV. Hitzaldian egona zen Sica.
Guztira, hamar bat lagun zihoazen igogailuan; denak sartu eta berehala, atea oraindik partzialki irekita zegoela, hamar bat metro jausi zen. Erorikoa, nolanahi ere, larrialdietako motelgailuek ahuldu zuten.
Sailburuak beste ezbehar bat ere pairatu zuen beste bidaia ofizial batean; hain zuzen ere, 2013an, AEBn, erorikoa izan zuen, eta oin bat hautsi zuen. Ondorioz, bidaia hura murriztu behar izan zuen.