Politika -
Prozesu judiziala
Gaur jakinaraziko du Auzitegi Nazionalak Udalbiltza auziko epaia
20 pertsona epaitu zituzten, ETAko kide izatea egotzita. Fiskaltzak 10na urteko espetxe zigorrak eskatu ditu.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak gaur egingo du publiko legez kanpoko ezker abertzaleak kudeatzen zuen Udalbiltzako 20 kideren aurkako epaia. Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat, erakunde terroristako kide izatea egotzita.
Akusatuen artean Xabier Alegria eta Joseba Mikel Garmendia daude. Lehenengoa erakundearen koordinatzailea zen, eta bigarrenari ETAko finantza taldeko kide izatea egotzi diote.
Alegria eta Garmendia ez ezik, Miren Karmele Urbistondo, Oscar Goñi, Larraitz Sanzberro, Leire Idoiaga, Jose Manuel Jurado Torvisco, Lander Etxebarria Garitazelaia, Eider Casanova, Loren Arkotxa, Miren Josu Aranburu, Imanol Esnaola, Xabier Iragorri, Esperanza Iriarte, Miren Jasone Astibia, Urko Irastorza, Maria Victoria Ugarteburu, Juan Carlos Alducin, Miren Odriozola eta Ibon Arbulu ere daude auzipetuta.
Fiskaltzaren ustez, Udalbiltzak zeregin garrantzitsua izan nahi zuen ETAren jardueren berrantolakuntzan.
Hain zuzen ere, 66 Udal zeuden Udalbiltza barruan. 33 Gipuzkoakoak ziren, 12 Bizkaikoak, 19 Nafarroakoak eta bi Arabakoak.
Epaiketa ekainetik urrira egin zuten Auzitegi Nazionalean. Bertan, auzipetuek "bake itxaropenei ateak ez ixteko" eskatu zioten epaimahaiari.
Halaber, plataforma "konponbiderako" eta eskubide demokratikoak bermatzeko tresna dela esan zuen Maria Victoria Ugarteburu Udalbiltzako bozeramaileak.