Politika -
Epaiketa
Aramburu Landa Ekineko buruzagi ohiak bi urteko kartzela zigorra onartu du
2007an deklaratu zuten gainerako akusatuek, baina garai hartan Aramburu ihes eginda zegoen. Urte hartan Angela Murillo magistratuak 525 urteko kartzela zigorra ezarri zien gainerako 47 akusatuei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Francisco Aramburu Landak bi urteko kartzela zigorra onartu du, Ekineko kide izateagatik, Alfonso Guevara Auzitegi Nazionaleko magistratuaren aurrean. Gipuzkoako alor soziekonomikoko arduraduna izan zena epailearen aurrean agertzeko zain zegoen, izan ere, 2007an deklaratu zuten gainerako akusatuek, baina garai hartan Aramburu ihes eginda zegoen.
Urte hartan Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko magistratuak 525 urteko kartzela zigorra ezarri zien 47 akusatuei. Esan bezala, Aramburu ez zuten epaitu, bera bilatu eta atxilotzeko agindua eman zutela jakin zuenean ihes egin zuelako.
Egozten zizkioten delituak preskribatzeko urtebete falta zenean, ordea, "bere burua Espainiako agintarien esku utzi zuen, gertaturikoa onartuz". Aramburu Landak Justiziarekin kolaboratzeko borondatea izan duela ebatzi du Fiskaltzak, eta, hori dela eta, 15 urteko kartzela zigor eskaria 2 urtera murriztea erabaki du.
Gainerako akusatuekin adostasuna
2011n atxilotutako Ekineko bost kideek adostasun-epaia lortu zuten Fiskaltzarekin, 2016ko apirilean. 2009 eta 2010 bitartean ezker abertzaleko erakundeak zuzendu, antolatu eta dinamizatzea egotzi zieten guztiei, baina bi urteko zigorra eta gaitasungabetzea onartu zuten, ustez talde terrorista bateko kide izateagatik.
Hain zuzen ere, hilabete batzuk lehenago beste 35 kidek sinatutako epai bera izenpetu zuten "indarkeriarekin lotutako edozein jarduera gaitzesteko konpromisoa hartuta". Halaber, biktimei eragindako mina eta sufrimendua onartu zuten.
Ondorioz, hamar urtetik bi urtera murriztu zien zigorra Jose Perals fiskalak.