Politika -
Polemika
Aralarrek Bizkidetzarako planaren 'birformulazio politikoa' salatu du
Exekutiboak GALeko biktima baten eta Poliziaren beste baten testigantzak baztertu dituela salatu du Aintzane Ezenarrok.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Bizkidetzarako Planaren "birformulazio politikoa" egin duela salatu du Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramaileak, Ondorioz, GALeko biktima eta Poliziaren beste biktima baten testigantzak eta torturarekin lotuta zeuden erreferentzia bibliografikoak ezabatu dituzte.
Prentsaurrekoan, biktimen testigantzak “alde bakarreko kontaketak” izango direla azpimarratu du Ezenarrok, Exekutiboak “GALeko biktima baten eta poliziaren beste biktima baten testigantzak kendu” eta horren ordez, ETAko biktimenak gehitu dituelako.
Ezenarrok zuzenketa hori “guztiz sektarioa” dela esan du. “Eskolak biktimei zerbait zor diela ematen du", adierazi du. “Eskolak ez die biktimei ezer zor, eskolak ez ditu biktimak aintzatetsi behar, adingabeek ez diete biktimei ezer zor; eskolak bakea, baloreak eta Giza Eskubideak sustatu behar ditu”, erantsi du.
Celaaren agerraldia
Honen aurrean, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuaren “premiazko agerraldia” eskatuko dutela jakitera eman du Aralarreko bozeramaileak. Ezenarrok "testigantzak kentzearen arrazoia" zein den galdetuko dio Celaari eta zergaitik ez diren “unitate didaktikoak” sortzeko gai izan.
Agerraldi honekin batera, Legez Besteko Proposamena aurkeztuko du Aralarrek, “herrialde honen errealitatearen parte diren” biktimen testigantzak eta torturen gaineko erreferentziak aipatzeko eskatuz.