Politika -
Udalbiltza
Ebazpena 'bat dator agertoki berriarekin', absolbituen arabera
"Bide horretan" laguntzen duela uste dute, baina "atxiloketek eta jazarpen politikoak ez", Ekinekin eta Askatasunarekin lotuta aste honetan izan diren hamar atxiloketen harira.
Erredakzioa
''Udalbiltza auzia''n absolbitutako alkate eta zinegotzi ohiak gustura agertu dira 20 auzipetuak absolbitu dituztelako eta uste dute epaia bat datorrela "agertoki berriarekin". "Bide horretan laguntzen du, baina atxiloketek eta jazarpen politikoak ez, inola ere", gaineratu dute.
Maria Victoria Ugarteburu Amorotoko (Bizkaia) alkate ohiak hitz egin du absolbituen izenean Bilbon emandako prentsaurreko batean eta Ekinekin eta Askatasunarekin lotutako azken hamar atxiloketak "arrazoi politikoengatik" egin zituztela salatu du. Izan ere, ''Udalbiltza auzia''gatik "kartzelatutako 13ei" berdina gertatu zitzaien, "milaka euroko bermeak" ordaindu behar izan dituzte eta horietako batzuk "epaitegira joan behar izan dute bi egunean behin".
"Ez du horrelakorik berriro gertatu behar, hainbeste denborako zigorra eta sufrimendua. Jazarpen politikoaren kasu gehiago ez dira gertatu behar", azpimarratu du Ugarteburuk. "Fase politiko berri baten aurrean gaude. Hori ia inork ez du ukatzen eta ukatzen duenak irtenbideei beldur dielako egiten du", gaineratu du.
"Premiaz" egindako prentsaurreko horretan, ebazpena sakonean aztertzeko aukerarik izan gabe, Ugarteburuk esan du ebazpenean argi adierazten dela "Udalbiltzak egindako lana kritikagarria dela, baina ezin dela zigortu".
Absolbituen bozeramaileak uste du Espainiako Estatuak "indar judizialak eta polizia" erabiltzen dituela "helburu politikoak lortzeko, delituekin zerikusirik ez duten helburuak lortzeko".
"2003an izan zuten helburua Udalbiltzaren lan publiko eta instituzionala galaraztea izan zen, eta 2003ko hauteskundeetan sufragio unibertsala galaraztea lortu zuen. Estatuak hein handi batean bere helburua lortu zuen", gaitzetsi du.
Ebazpenean "kalte-ordainari buruzko ezer ez" dela agertzen gogorarazi ostean, "Udalbiltzak egindako lanaren zilegitasuna" agerian geratu dela azpimarratu du eta horrek "bidea irekiko dio demokratikoki edonolako erakundeak sortzeko udal mailan, udalaz gaindi eta Euskal Herri mailan", haren esanetan.
Azkenik, "herri honetan bakea eta demokrazia lortzeko" Udalbiltza tresna erabilgarria izan daitekeela esan du: "Beharrezko tresna da, zilegia da eta etorkizunean ere bideragarria izan daitekeela uste dugu".