Politika -

Karrantzako Minda planta

Karrantzako alkate ohia eta Jaurlaritzako goi kargudun ohi bat zigortu dituzte

Planta eraiki behar zuen sozietateko beste lau administratzaileak ere zigortu ditu Bizkaiko Auzitegiak. Bilboko epaitegi batek absolbitu egin zituen seiak.

Karrantzako udaletxea. Argazkia: Bego Barrutia
Karrantzako udaletxea. Bego Barrutia
Karrantzako udaletxea. Argazkia: Bego Barrutia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Auzitegiko 4. Sekzioak Karrantzako minda planta eraiki behar zuen sozietateko (Karrantzako Minda SL) sei administratzaileak zigortu ditu, enpresaren porrotaren errudun izan zirela ebatzita. Zigortutakoen artean daude Karrantzako alkate ohia eta Eusko Jaurlaritzako goi kargudun izandako bat, beste lau pertsonekin batera. Seiei honako zigorra ezarri die: bi urteko gaitasungabetzea eta 485.724 eta 1.772.279 euro ordaintzea.

Gaur kaleratutako epai hori duela urtebete Bilboko epaitegi batek ebatzitakoaren kontrakoa da. Izan ere, Bilboko Merkataritzaren 2. epaitegiaren iritziz, sozietatearen konkurtsoa eta likidazioa "ustekabekoa" izan zen, eta horrenbestez, sei administratzaileak, errugabeak. Karrantzako Minda sozietatea 10 milioi euroko diru laguntza publikoekin sortu zuten Bizkaiko udalerrian minda planta eraikitzeko asmoarekin. Enpresak porrot egin zuen, planta amaitu gabe utzita.

Epai horren kontrako helegitea aurkeztu zuten Estatuko Abokatutzak eta konkurtsoko administratzaileak, eta hori aintzat hartu du Bizkaiko Auzitegiak.

Guztira, sei pertsona zigortu ditu Auzitegiak, hiru abeltzain eta hiru politikari: Martin Ascacibar Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko Berrikuntza zuzendari ohia, Jose Luis Portillo Karrantzako alkate izandakoa eta Jose Ignacio Muro zinegotzia (hirurak EAJkoak).

Konkurtsoaren erantzule egin ditu epaileak eta bi urteko gaitasungabetzea eta modu solidarioan 485.724 eta 1.772.279 euro ordaintzea ezarri die zigor gisa.

Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkez dezakete aldeek 20 eguneko epean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Eusko Jaurlaritza albisteak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Enkartazioak Delituak