Politika -
Pedagogia proposamena
Biktimenganako elkartasuna lantzea proposatu du Baketik elkarteak
Arantzazuko Bake Zentroak 'Bihotzetik' aurkeztu du. Irakasleei, familiei eta ikasleei zuzenduta dago eta giza eskubideen urraketa jasan duten biktimenganako elkartasuna eskolan lantzea du helburu.
Erredakzioa
Baketik Arantzazuko Bake Zentroak giza-eskubideen urraketa jasan duten biktimenganako elkartasuna eskolan lantzeko proposamena aurkeztu du gaur Donostian.
Irakasleei, familiei eta ikasleei zuzendutako ''Bihotzetik'' izenburuko modulo didaktiko honek "biktimek jasandako injustiziaren kontzientzia" eta sufrimenduarenganako enpatia" azaldu nahi ditu. Halaber, "elkarbizitzarako eta indarkeriaren prebentziorako erreferente etikoen" beharra jarri nahi du agerian.
Gainera, "iragan, orainaldia eta etorkizunaren gaineko diskurtso kritikoa eta eraikitzailea" lantzea eta garatzea du helburu proposamen honek.
"Anaiaren hilketaren bizipena" mintzagai duten ETAren eta GALen bi biktimen testigantzak, besteak beste, hartuko ditu moduluak. Baketik Bake Zentroak jakitera eman duenez, "xehetasunei begira, bi kasu partikularrak dira baina sakonean, gizakiaren sufrimenduaren balio unibertsala du haren kontaerak".