Politika -
Leitza
Jarrairen 40. urteurrenean, ezker abertzaleko gazteak 'indartsu' agertu dira
1978an ezker abertzaleko gazte antolakuntzarako lehen espazioa sortu zutela ospatu dute, eta lau hamarkada geroago, hemen jarraitzen dutela "bizirik eta indartsu".
agentziak | erredakzioa
Ernai eta Aitzina gazte erakundeek deituta, ehunka pertsona elkartu dira Leitzako plazan Jarrai sortu zela 40 urte bete direla ospatzeko, "Bulkada berrien garaia da!" lelopean.
Adierazpen bat irakurri dute erakundeen bozeramaileek, eta azpimarratu dute 1978an ezker abertzaleko gazte antolakuntzarako lehen espazioa sortu zutela, eta lau hamarkada geroago, hemen jarraitzen dutela "bizirik eta indartsu".
Azken 40 urteotan, adierazi dutenez, "irrati libreetan, gaztetxe, musika etxe eta proiektu komunikatiboetan. Urteroko danbada, topaketa edota gazte martxetan. Bilera, asanblada edota barra ertzeko hizketaldietan. Kalean, herriko tabernan, barrikadetan, ordu txikietako kontuetan, pankartaren atzean, ikasgeletan, greba orokorretan…. Bazter guztiak aldarriz bete ditugu, pertsona askez osatutako herri librea amets".
"Mugak ezarri nahi dizkiguten bi estatuen gainetik hemen gaude", gaineratu dute Leitzan egindako ekitaldian.
Belaunaldi berriei "antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekitzeko" deia egin diete, "herri sumiso eta isil bat nahi dute"n horiei aurre egiteko, zeren "iluntasunaren artetik, badator esperantzaren egunsentia".
"Euskal Herria bere oraina eraikitzen, defendatzen eta borrokatzen ari da kalean", eta horren harira, "Euskal Herri sozialista eta feminista lortu arteko konpromisoan" berretsi dira.