Politika -

Euskal autogobernua

Estatutua betetzeko bidean, Sanchezen 'jarrera aldaketa' nabarmendu du Erkorekak

Erkorekaren ustez, Espainiako Gobernuak jarrera aldaketa erakutsi du, euskal autogobernuarekin eta Estatutuarekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak planteatutako gaietan.

Josu Erkorekaren prentsaurrekoa. Argazkia: Twitter @jerkoreka
Josu Erkoreka. Argazkia: Twitter @jerkoreka
Josu Erkorekaren prentsaurrekoa. Argazkia: Twitter @jerkoreka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako Gobernuaren "jarrera aldaketa ukaezina" nabarmendu du gaur, Gernikako Estatutuari eta autogobernuari buruz mintzatu denean. Hain zuzen ere, Mariano Rajoyren eta Sanchezen arteko jarrerak alderatu ditu.

Erkorekaren ustez, Espainiako Gobernuak jarrera aldaketa erakutsi du, euskal autogobernuarekin eta Estatutuarekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak planteatutako gaietan.

"Jakina da PPren Gobernuak ez zuela, kontu horietaz hitz egiteko, gurekin bildu nahi izan. Gutxienez, gobernu berriarekin elkarrizketak abiatu ditugu, eta, besteak beste, gehiegikeria polizialen eta aurrekontuen legeak jarri ditugu mahai gainean. Horrez gain, Estatutua osorik betetzeko konpromisoaz eta autogobernuaz aritu gara", baieztatu du.

Ildo horretan, aldaketa begi-bistakoa dela ziurtatu du, orain arte pentsaezinak ziren harremanak sortu direlako, adibidez. "Elkarrizketa horiek emango dituzten emaitzak ezagutzeko, denbora gehiago behar dugu, iritsiko da horren balantzea egiteko ordua ere", esan du.

Bestalde, Gernikako Estatutuan falta diren 37 transferentziak lortzeko bidean, Iñigo Urkulluren gobernuak egutegi bat zehaztu nahi duela argitu du.

Gobernu Kontseilua bukatutakoan emandako prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzan ostegunean egingo duten politika orokorreko eztabaidan lehendakariak defendatuko dituen estrategiak ere aurkeztu ditu.

Autogobernuaren afera

Osteguneko bileran autogobernuaren gaiak leku garrantzitsua beteko du. "Elkarrizketarako eta akordiorako aukera zabalik dagoela aintzat hartuta" hitz egingo du Urkulluk autogobernuaren erronkaz.

"Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Gernikako Estatutua goitik behera betetzea da", gaineratu du Erkorekak. "Autogobernua arrakastaz berritzeko baldintzak bete dira", bukatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gernikako Estatutua