Politika -
Irregulartasunak
Legebiltzarra akusazio partikularra izango da segurtasun buru ohiaren kontrako auzian
Fiskaltzak uste du Ganberako segurtasun koordinatzaile ohiak ibilgailu ofizialei lotutako gastuak ordaintzeko kreditu-txartelak gaizki erabili zituela eta, ondorioz, hainbat delitu egin dituela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarra akusazio partikular gisa aurkeztuko da Gasteizko Ganberako segurtasun koordinatzaile ohiaren kontrako auzian, erakunde horretako ibilgailu ofizialei lotutako gastuak ordaintzeko kreditu-txartelen erabileran hainbat irregulartasun izan zirela antzeman ostean.
Legegintzaldia hasi zenetik txartel horiekin egindako mugimenduak zorrotz aztertu ostean, Legebiltzarreko Mahaiak Ganberako segurtasunaz arduratzen den ertzaina kargu horretatik kentzea erabaki zuen eta bildutako informazioa Arabako Fiskaltzaren esku utzi zuen, deliturik egon zitekeen egiazta zezan. Gizonezkoak hamar urte egin zituen kargu horretan.
Fiskaltzak gertakariak ikertu zituen eta segurtasun koordinatzaile ohiari hainbat delitu leporatu dakizkiokeela ondorioztatu zuen, tartean, agiriak faltsutzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta iruzurra egitea. Gauzak horrela, kasua Gasteizko Instrukziozko 3. epaitegiari jakinarazi zion.
Joan den irailaren 11n, Legebiltzarreko Mahaiak auzi horretan akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki zuen, eta dagoeneko eskaera erregistratu dute auzitegian.
Eva Blanco EH Bilduko ordezkari eta Legebiltzarreko Mahaiko lehen presidenteordeak antzeman zituen irregulartasunak fakturak errepasatzerakoan, eta kasua argitara eraman zuen.
Mahaiko kideek hiru auto ofizial dituzte euren joan-etorrietarako eta ibilgailu bakoitzeko kreditu-txartel bat dago, gasolindegietan soilik erabiltzeko –erregaia edo gasolindegietan dauden bestelako produktuak erosteko-.
Ibilgailu ofizialetako gidarien eta Legebiltzarreko segurtasun koordinatzaile kargugabetuaren eskura zeuden hiru kreditu-txartelak.
Ibilgailu horietako bat Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak erabili ohi du, eta beste biak Mahaiko gainerako kideen eskura daude, baina lau parlamentari horietatik batek bakarrik erabiltzen du.
Duela urtebete ohartu zen Eva Blanco fakturetan "zerbait gaizki" zegoela; izan ere, Tejeriak ia egunero erabiltzen zuen autoaren besteko gastua egiten zuten beste biek, parlamentari bakar batek erabili arren.
Garai hartan, Mahaiak uko egin zion ikerketa bat abiatzeari, baina maiatzean, kreditu-txartel horien erabileran irregulartasun gehiago izan zirenaren zantzuak topatu zituzten eta auziari heltzea erabaki zuten.
Blanco ohartu zen apirilean hiru ibilgailuetako bat ia hilabete osoan geldi egon zela, baina, hala ere, auto horri egokitutako kreditu-txartelaren gastua beste bien antzekoa zela. Horrela bada, gaia berriro eraman zuen Mahaira eta organo horrek ikerketa bat abiatzea erabaki zuen.
2016an legealdia hasi zenetik eta Ganberako segurtasun koordinatzailea kargugabetu artean, hiru kreditu-txartel horiekin egindako mugimendu guztiak aztertu dituzte, eta, azkenean, auzian akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki dute.