Politika -

Euskadin

Aralarrek pentsioen erreformaren inguruko erreferenduma proposatuko du

Pentsioen erreforma "atzerakoia"ren inguruko herri galdeketa egitea proposatuko die euskal erakundeei, gaia "garrantzitsua" delako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu Zentralak egingo duen pentsioen erreformaren inguruko erreferenduma deitzeko eskatuko die Aralar alderdiak euskal erakundeei.

Rebeka Ubera eta Iosu Murgia Gipuzkoako eta Bizkaiko batzar nagusietako bozeramaileek, Aintzane Ezenarro euskal legebiltzarkideak eta Tentxo Jimenez Nafarroako Parlamentuko kideak, Gobernu zentralaren pentsioen erreforma "atzerakoia" dela azaldu dute. Hortaz, erreforma honen inguruko erreferenduma deitzeko eskatu diete euskal erakundeei.

Bozeramaileek diotenez, erreforma horrek ez du inongo argudio "ekonomikorik ezta sozialik". Halaber, "ekonomia produktiboaren aurka doan" eta "langileen eskubideak murriztea du helburu", Aralarren arabera.

Pentsioen inguruko erreforma onartu ez dezatela eta Gizarte Segurantzako prestazioak "hobetu" ditzatela eskatu die Aralarrek gainerako alderdiei. Zentzu honetan, Gizarte Segurantzako eskumena eta kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku egotea ere eskatu du.

Zabaleta buru duen alderdi honen aburuz, Gobernu Zentralak "ezegonkortasuna sustatzen, gazteen merkaturatzea zailtzen, pobrezia suspertzen eta sistema publikoa ahultzen" ari da.

NaBai alderdiaren aurkezpena

Halaber, foru eta udal hauteskundeei begira EAk NaiBairekin bat egitea espero du Aralarrek. Hitzarmena ostiralean sinatuko dute.

"NaBai da Aralarren apustua Nafarroan", Aintzane Ezenarro bozeramaileak adierazi duenez, "Nafarroako gizarteak eskatu duen aldaketa sozial eta politikorako eragile aproposa" delako. Aralarrek ez diola inori "betorik jarri" azpimarratu du Ezenarrok, alderdi "irekia" baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea