Politika -
KATALUNIA
Torrak Lesmesen dimisioa eskatu du, independentisten aurkako epaileen mezuengatik
Zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, hainbat magistratuk urriaren 1aren inguruan bidalitako mezu elektronikoetan Kataluniako prozesu subiranista nazismoarekin parekatzen zuten.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Quim Torra Generalitateko presidenteak Carlos Lesmes Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko presidentearen dimisioa eskatu du gaur, hainbat magistratuk Kataluniako prozesu subiranistari buruz esandakoengatik. Izan ere, magistraturako kideek Kataluniako prozesu subiranista nazismoarekin parekatzen zuten barne mezuak argitaratu dituzte ostegun honetan hainbat hedabidek.
Dimisioaz gain, "modu bidegabean preso daudenak" aske uztea eta erbestean daudenak itzul daitezela eskatu du. Halaber, prozesu independentistaren inguruan epaitegiek abiatutako auzibide guztiak bertan behera uztea galdegin du.
Gainera, "mezuen egileak identifikatzeko ikerketa abiatzearen alde" agertu da. Hain zuzen ere, Estatuko Fiskaltza Nagusiari zuzendu zaio "mezuen egileek izan ditzaketen erantzukizun penalak atzera botako dituen ikerketa" abia dezan.
Torraren arabera, "Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren eztabaidetako batean argitaratu zituzten epaile batzuen arteko elkarrizketek oinarrizko zenbait printzipio urratzen dituzte". Halaber, "Espainiako Botere Judizialaren parte handi batek duen askatasun eza erakusten dute".
"Espainiako justizian izan genezakeen konfiantza apurra guztiz hautsi da gaur. Ez dago ez independentzia judizialik, ez inpartzialtasunik, ezta zintzotasunik ere. Herritarrek ez dute Espainiako sistema judizialaren aurrean defendatzeko aukerarik. Espainiako Estatuan independentistentzat segurtasun juridikorik ez dagoela esan dezakegu", ohartarazi du.