Politika -
Euskararen ingurukoak
Lehendakariaren hitzak gogor kritikatu dituzte EAJk, Aralarrek eta EAk
Patxi Lopezen atzoko hitzaldiak euskara eta indarkeria lotu ez zituela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. ETA desagertzean "euskara ere askeagoa" izango dela esan du Idoia Mendiak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza
Patxi Lopezen atzoko hitzaldiak euskara eta indarkeria lotu ez zituela azpimarratu du gaur Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Hala ere, ETA desagertzean "euskara ere askeagoa" izango dela nabarmendu du Mendiak.
Euskararen inguruan "inora eramango gaituzten eztabaidetan ez jausteko" eskatu du Jaurlaritzako bozeramaileak. Euskara "guztion hizkuntza" dela esan du Mendiak eta, ondorioz, "euskararen sustapena eta defentsa guztion helburua" izan behar dela gaineratu du.
Lehendakariak atzo egindako hitzaldian euskara eta indarkeria ez zituela lotu azpimarratu du Mendiak.
EAJ
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak zuzenketa egiteko eskatu dio gaur Patxi Lopez lehendakariari, euskara eta indarkeria "lotu" egin baititu.
Hain zuzen ere, terrorismoaren amaiera euskalgintzarentzat onuragarri izango dela eta euskara "askatasunari lotuta" egongo dela adierazi zuen atzo Gasteizko Gobernuko buruak. Hori horrela, adierazpen horiek "astakeria" direla esan du gaur Urkulluk.
Onda Vasca irrati-katean egindako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak esan du "asmoa beste bat bazen ere", hitzak "hor" daudela, eta Euskararen Aholku Batzordean egin izana kritikatu du.
"Ez dakit zer nolako lotura duen hizkuntzak indarkeriarekin eta terrorismoarekin. Astakeria iruditzen zait", nabarmendu du.
Bestalde, Jon Juaristi Batzordeko kide izendatu izana ez dela "huskeria" iritzi dio: "Baliteke aldaketaren ideiarekin temati jarraitzeko asmoarekin zerikusia duela", gaineratu du.
Bere esanetan, Jaurlaritzak "zaindu" egin beharko luke Batzordeko kideen izendapena, eta hautagaiek "askatasunen eta aniztasunen arloan duten ibilbidea" kontuan hartzeko dei egin du.
Aralar
Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak interpelazio bat erroldatu du Eusko Legebiltzarrean, gaztelaniaz, "hizkuntza biak dakienak bakarrik egin dezakeelako erabiltzeko aukera askatasunean”.
Aralarren ustez, Lopezek egindako adierazpenak "onartezinak" dira, eta beraz, interpelazioa jarri dute, "lehendakariari gogorarazteko erkidegoko hizkuntza biak dakienak egin dezakeela erabiltzeko aukera askatasunean". "Milaka herritarrek egunero erabiltzen dugu euskara askatasunean, nahiz eta askatasuna erabatekoa ez izan administrazioarekin hartu-emanak euskaraz nahi ditugunean; hain justu, ematen diren zerbitzu publiko askotan, gaur gaurkoz, ezinezkoa delako euskaraz jasotzea zerbitzu hori”, gaineratu du.
EA
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak galdera bat erroldatu du Ganberan, adierazpen "bidegabe eta onartezina" azal dezan Lopezek.
"Lehenik eta behin Jon Juaristi izendatu zuten, eta ondoren euskaldun guztiok indarkeriarekin lotu gintuen, ez dago irain handiagorik", nabarmendu du.
Agirrezabalak erantsi du oso "baldarra" izan beharra dagoela halako loturak egiteko. "Gaztelania frankismoarekin lotzea bezala da", jarri du adibide.