Politika -
Karrantza
Gizon bat atzeman dute 2006an Artzentalesen bonba bat jartzea egotzita
Ertzaintzak Jordi Grau atxilotu du 2006ko martxoaren 6an BBKren egoitza batean etxean egindako lehergailu bat ipini zuelakoan. Lehergailua indargabetu egin zuten eta ez zuen kalterik eragin.
Erredakzioa
Ertzaintzak Jordi Grau 32 urteko gizonezkoa atxilotu du gaur Karrantzan 2006ko martxoaren 6an Artzentaleseko BBKren egoitzan etxean egindako lehergailu bat uztea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Eguerdiko 12:30etan, Ertzaintzak atxilotuaren etxean egindako miaketa bukatu du. Zenbait lekukok azaldu dutenez, Bollain auzoko 17. zenbakiko etxebizitza miatu dute, Jordi Grau bera aurrean zegoela. Aurkitutako materiala hiru kutxetan atera dute, horietako bat oso handia.
Ertzaintzaren ikurrik gabeko sei ibilgailu, bi furgoneta eta Ertzaintzaren lur orotako ibilgailu bat gerturatu dira tokira.
Operazioa bukatutakoan, Auzitegi Nazionalaren Instrukzioko 4. Epaitegi Zentralaren esku utziko dute Jordi Grau Año, terrorismo delitu bat egotzita.
Eraso saiakera etxean egindako lehergailu batez egin omen zuen atxilotuak, baina Ertzaintzak indargabetzea lortu zuen. Auzitegi Nazionalak zuzendutako operazioak irekita jarraitzen du, hainbat etxebizitza miatzen ari dira eta.
Ertzaintzaren Terrorismoaren Kontrako eta Informazio Taldeak egin du atxiloketa, Balmasedako komisariaren laguntzarekin. Sukurtsala etxebizitza eraikin baten beheko solairuan dago, beraz, lehergailuak arrisku larria eragin zuela azaldu du Ertzaintzak.
Etxean egindako bonba 2006ko martxoaren 6an, goizeko zortzietan, aurkitu zuten BBKren egoitzaren barruan, Lehendakari Agirre kalean, Artzentalesen. Artezilariek indargabetzea lortu zuten.
Herrizaingo Sailak Ertzaintzaren Terrorismoaren Kontrako Taldeak azken hilabeteetan egin dituen operazioen baitan kokatu du azken atxiloketa. "EAEko Poliziak azken urteetan ekintza terroristetan parte hartu dutenak Justiziara eramateko helburuaren barruan" kokatu dute operazioa.