Politika -
Eztabaida Gasteizen
Judimendikoek 1.240 euro itzuli beharko dizkiote Udalari 'biktimak iraintzeagatik'
Udalaren ustez, auzo elkartearen aldizkarian "terrorismoaren biktimentzat iraingarria" den artikulua argitaratu zuen Judimendikoak auzo elkarteak.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak Judimendi auzo elkarteari emandako diru-laguntzaren zati bat, 1.243 euro, itzultzeko prozedura abiarazteko ebazpena onetsi du astelehen honetan, haren aldizkarian terrorismoaren biktimentzat iraingarria zen artikulu bat argitaratu baitzuen.
Udalak 1.243,83 euroko "isuna" ezarriko dio Judimendi auzo elkarteari, emandako diru-laguntzaren zati bat itzularaziz, jasotako diru-laguntzaren helburuak ez betetzeagatik.
Eztabaida joan den ekainean piztu zen, Judimendi auzoko kaleetan ETAko hiru presoren argazkiak agertu baitziren. Argazkiak kendu zituzten, baina auzoko aldizkarian Judimendin jaiotako hiru preso horien inguruko artikulu bat argitaratu zuten ETAko kideak zirela aipatu gabe. Horietako bat Diego Ugarte da, Fernando Buesaren hilketagatik kondenatua.
Sortutako eztabaida ikusita, elkarteak aldizkariaren paperezko banaketa geldiarazi zuen, artikulua webgunetik kendu eta barkamen publikoa, zein banakakoa eskatu zien biktimen elkarteei.
Covitek, berriz, elkarteari diru-laguntza kentzeko eskatu zion Udalari; eta Udalak, orduan, gertatutakoa argitzeko espedientea zabaldu zuen. Gobernu Batzordearen ustez, auzo elkarteak proiektuarentzat ezarritako helburuak hautsi zituen. Hala ere, elkarteak zuzentzeko ekintzak bideratu zituen artikulua argitaratzeak erakundeetan zein gizartean sortutako ezinegonaz jabetu bezain laster. Gainera, diru-laguntza jaso zuen proiektuaren barruko gainerako jarduerak gauzatu direla kontuan izanik, elkarteari 2018ko ekaineko aldizkariari dagokion zenbatekoa itzularaztea erabaki du Batzarrak, hau da, 1.243 euro.
Bestalde, Arabako Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari bidali dio artikuluaren inguruko auzia, bera baita terrorismoaren delituak ikertzeko eskuduna.