Politika -
Katalunia
Urkullu: 'Positiboa da Sanchezek Quebec eredu hartzea Kataluniako krisiaren aferan'
Espainiako presidenteak Quebecen eredua adibidetzat hartzea begi onez ikusi du Urkulluk, konponbide bati atea zabaltzen diolako, elkarrizketa eta akordio politiko eta instituzionala oinarri hartuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, "positiboa" da Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Quebecen eredua adibidetzat hartzea, konponbide bati atea zabaltzen diolako, elkarrizketa eta akordio politiko eta instituzionala oinarri hartuta.
Sare sozialen bidez, Urkulluk gogoeta hori egin du Sanchezek igandean egindako adierazpenen inguruan. Hain zuzen ere, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin emandako prentsaurrekoan, Sanchezek adierazi zuen politika ardatz hartuta, gatazkak konpontzeko irtenbideak aurkitu daitezkeela. "Legaltasuna errespetatuz, elkarbizitza bermatzeko konponbidea aurki daiteke", gaineratu zuen.
Ildo horretan, Urkulluk esan du Kataluniako krisiari irtenbidea bilatzea ez dagokiola Espainiako Estatuari soilik, Europar Batasun osoari baizik.
Hori da, zehazki, Eusko Jaurlaritzak onartu ostean, Espainiako Gobernuari aurkeztu zioten "Europaren etorkizunari buruzko ikuspegia" txostenean babestu zutena, Urkulluk gogora ekarri duenaren arabera.
"Eredu horri aipamen egitea positiboa da, elkarrizketan oinarritutako akordio politiko eta instituzional bati atea irekitzen diolako. Urteak daramazkit hori esaten, eta urrutira joan gabe, iragan osteguneko Politika Orokorreko Eztabaidan hitz egin nuen horretaz", azpimarratu du Urkulluk.
Hori horrela, nabarmendu du Kanadakoa "jarraitzeko moduko eredua" dela. Lehendakariaren iritziz, eredu horrek aukera ematen du zenbait baldintza ezartzeko, "Estatu batek eta estaturik gabeko nazio batek berorren etorkizuna definitzeko legezko galdeketa hitzartu dezaketela argitzen duten baldintzak", esaterako.