Politika -
ETA-ren biktimak
ETAren biktimak ez erabiltzeko eskatu die Consuelo Ordoñezek PP eta Ciudadanosi
Pedro Sanchezen Gobernuari "oposizioa egiteko" Pablo Casadok eta Albert Riverak "terrorismoaren biktimak erabiltzen" dituztela salatu du Covite elkarteko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Consuelo Ordoñezek oposizioa egiteko "ETAren biktimak ez erabiltzeko" eskatu die Alderdi Popularrari eta Ciudadanosi, "etikoa ez delako eta erabat iraingarria delako".
Covite biktimen elkarteko presidenteak Donostian egin ditu adierazpenok, 'Terrorismoaren memoriak Espainian' liburuaren aurkezpenean.
Uda honetan, ETAko bi preso Basauriko espetxera hurbildu zituztela eta, bi alderdi horietako agintariek kritika gogorrak egin zituzten eta polemika handia piztu zen.
Hurbilketa horiek "legearen baitan egindakoak" zirela ulertu zuen Covitek, "espetxe zaintzako epaileek emandako hirugarren graduan oinarritutako lekualdatzeak izan zirelako eta, beraz, espetxe-politikarekin inolako zerikusirik ez zutelako", azaldu du Ordoñezek.
Alabaina, "polemika handia piztu zen, alderdi eta politikari batzuek biktimen gaia oposizioa egiteko erabiltzen dutelako, eta hori ez da etikoa", salatu du. Jarraian zehaztu du PPri eta Ciudadanosi buruz ari zela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularra kritika horretatik kanpo utzi du, "alderdi horretako presidenteak zuhurrago jokatu zuelako, eta hori ere aintzat hartzekoa da", erantsi du.
Pedro Sanchezen Gobernua biktimekin izaten ari den jarrera, berriz, eskertu egin du eta, "oraingoz behintzat, hitza betetzen" ari dela esan du.
Ildo horretan, gogora ekarri du duela hamar bat egun Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa berarekin bildu zela euskal presoen hurbilketari buruzko xehetasunak emateko eta horren ondotik egin zirela lehendabiziko lekualdatzeak.
"Lehendabiziko aldia da Gobernu batek aldez aurretik ematen digula horrelako erabaki baten berri", adierazi du.
Amaitzeko, berretsi egin du Covite ez dagoela ETAko presoak Euskal Herritik hurbil dauden espetxeetara eramatearen kontra. Alabaina, Euskal Herriko kartzelatara ekartzeko, "presoek lehendabizi gizarteratzeko bidea hasi" behar dutela esan du.