Politika -

Ekitaldia Moncloan

Frantziak 1.000 agiri emango dizkio gaur Espainiari, 'ETAren 300 hilketa' argitzeko

16:30ean egingo duten ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria, Rodriguez Zapatero eta Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak eta biktimen elkarteetako ordezkariak izango dira, besteak beste.

Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron. Argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAri konfiskatutako "1.000 dokumentutik gora" emango dizkio gaur Frantziak Espainiari, "ebazpen judizialik" izan ez duten "300 hilketa inguru" argitzeko. Agiriok emateko eta biktimak omentzeko ekitaldia antolatu dute astelehen honetan, Moncloa jauregian (Madril).

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango dira ekitaldiaren buru. 14:00etan, lan-bazkaria izango dute, eta argitu gabeko ETAren 300 hilketen inguruan mintzatuko dira.

Geroago, 16:30ean, terrorismoaren aurkako lankidetza ekitaldia hasiko da. Bertan, ETAko biktimak, Laurence Le Vert Frantziako epailea eta Helene Davo Frantziako Justizia Ministerioaren zuzendari laguntzailea omenduko dituzte.

Ekitaldi horretan izango direnen artean daude Iñigo Urkullu lehendakaria eta ETAko biktimen elkarteetako ordezkariak. Nafarroako Gobernua, ostera, ez da Madrilera joango. Bertako iturrien arabera, gaurko ekitaldia "ez dago Gobernuaren agendan".

Horiekin batera, beste hauek ere izango dira bertan: Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Florencio Dominguez Terrorismoaren biktimen Memorialeko presidentea eta Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak. Aznar eta Rajoy, aldiz, ez dira Moncloan izango.

Artxibo gehienak otsailean bidali zituzten, Frantziako Poliziak atzemandako objektuekin eta armekin batera. Espainiako Gobernua lanean dabil orain garrantzi judiziala izan dezaketen elementuak identifikatzeko, baina, dena dela, dokumentu horiek balioa dute biktimen memoriarako.

Maiatzean, terrorismoaren aurkako adituek informazioa helarazi zioten Auzitegi Nazionalari dokumentu horiek prozedura ireki batean sartzeko. Gainera, materialaren parte bat Terrorismoaren Biktimen Memorialera bidaliko dute. Oroimenerako zentro hori udazken honetan irekiko dute, Gasteizen.

ETAri atzemandako materiala ematea —agiriak eta armak tarteko— Sanchezek eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak izandako bileran adostu zuten, uztailaren 26an Espainian izan zuten hitzorduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Urkullu Espainiako Gobernua Espainia Frantzia ETA Alderdi politikoak bideoak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Gaur