Politika -

Akordioa

Euskadik bost eskumen gehiago jasoko ditu martxoaren 31 baino lehen

Laneko ikuskatzailetza, atzerriko tituluen homologazioa, kartzeletako heziketa eta osasun langileak, Lehen Hezkuntzako erlijio irakasleak eta atzerri-eskolak EAEn.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak bost eskumen berri transferituko dizkio EAEri martxoaren 31 baino lehen. Eskumen horiek dira: Laneko ikuskatzailetza, atzerriko tituluen homologazioa, kartzeletako heziketa eta osasun langileak, Lehen Hezkuntzako erlijio irakasleak eta atzerri-eskolak EAEn.

PSOEren eta EAJren batzordeak akordio hori hartu du gaur; otsailaren 16an bilduko dira berriro eskumen horiek Administrazio bietako Batzorde Mistora bidaltzeko eta transferentzia martxoaren 31 baino lehen sinatzeko.

2011ko Aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJk Zapateroren Gobernuari emandako laguntzari esker lortutako eskumenen lehen taldea da.

Jose Maria Benegas eta Aitor Esteban diputatuek jakinarazi dutenez, zehetasun gutxi batzuk falta dira, baina eskumen talde hori ia itxita dago.

Halaber, ekainaren 30 baino lehen transferitu behar dituzten beste sei eskumenei buruz hitz egin dute gaurko bileran: Itsas eta errepide garraioa, enpleguaren arauketa, artxibo nazionala, jabetza intelektualaren inguruko Estatu arauketa eta itsasketa-arrantza irakaskuntza profesionala.

Renfe eta Feve trenbideen transferentziari, autopisten kontzesioari eta udal hauteskunde-legediari buruz ere hitz egin dute.

Esteban eta Benegas pozik agertu dira negoziazioen nondik norakoekin. Aurten 17 eskumen transferitu behar dituzte EAEra, iaz adostutako aurrekontu-itunaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea