Politika -

Gasteizko 'herri harresia'

Konstituzionalak legez kanpoko jo du zazpi gazteren atxiloketa eta espetxeratzea

Auzitegi Konstituzionalaren arabera, Auzitegi Nazionalak “ez zuen errespetatu prozedura judiziala”, eta zazpi gazteen askatasun eskubidea urratu zuen.

Herri harresia Gasteizen, 2015eko maiatzean. Artxiboko argazkia: EFE
Herri harresia Gasteizen, 2015eko maiatzean. Artxiboko argazkia: EFE
Herri harresia Gasteizen, 2015eko maiatzean. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak legez kanpoko jo ditu Auzitegi Nazionalak, 2015eko maiatzean, Segiko kide izateagatik atxilotu eta espetxeratu zituzten zazpi gazteen aurkako erabakiak, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Gazteek hilabeteak eman zituzten espetxean, baina Auzitegi Gorenak horietako bost absolbitu zituen ondoren, eta beste biei bi urteko kartzela-zigorra ezarri zien.

Gazteen abokatuak Justizia Ministerioari kalte-ordaina eskatzea aztertzen ari dira orain.

Auzitegi Konstituzionalaren arabera, Auzitegi Nazionalak “ez zuen errespetatu prozedura judiziala”, eta zazpi gazteen askatasun eskubidea urratu zuen.

Ibon Esteban, Xabar Moran, Aiala Zaldibar, Bergoi Madernaz, Igarki Robles, Marina Sagastizabal eta Ainhoa Villaverderi sei urteko espetxe-zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak Segiko kide izateagatik, eta behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen, Gorenak, helegitea ebatzi bitartean.

Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaileak ez zien defentsako abokatuei gazteen askatasuna eskatzeko aukerarik eskaini.

Auzitegiak baldintzarik gabe behin-behineko espetxealdi komunikatua ezarri zien zigortuei, “ihes egiteko arrisku handia” zegoela argudiatuta. Behin-behineko espetxea aztertzeko, Prozedura Kriminalaren Legean aurreikusitako entzunaldi judiziala deitu ez zuelako erabakia errekurritu zuten zigortuek. Auzitegi Nazionalak helegiteak errefusatu zituen.

Entzunaldia “beharrezkoa ez” zela argudiatuta, Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiak gazteen “askatasun pertsonalerako eskubidea urratu” zuela ebatzi du orain Auzitegi Konstituzionalak. Epaia irailaren 17an sinatu zuten magistratuek, baina gaur eman dute argitara.

Horregatik, Marina Sagastizabal, Xabat Moran, Bergoi Madernaz eta Ainhoa Villaverde zigortuek aurkeztutako babes-helegiteak onartzea erabaki du Konstituzionalak. Horrela, Auzitegi Nazionalaren autoak baliogabe utzi ditu.

Gazteei egindako “kalte larriagatik Estatuari ordaina” eskatzea aztertzen ari direla azaldu dute abokatuek agiri batean. Abokatuen hitzetan, “oinaze konponezina” sufritu dute “Auzitegiaren ebazpenaren ondorioz ia urtebete preso eman ondoren (epaiketa hasi baino lehen urte eta erdi eman zuten espetxean)”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Berriak Politika Auzitegi Gorena Presoak Epaiketak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala Espetxe politika