Politika -

Kartzelatik igorritako gutuna

Junqueras ERCko zerrendaburua izango da Europako hauteskundeetan

Kataluniaren "eskubideen alde borrokan jarraitzeko" borondatea agertu du Junquerasek, ERCko militanteei zuzendutako gutun batean. Espainiaren atzerapen demokratikoa eta errepresioa salatu ditu.

Oriol Junqueras aske uzteko egindako protesta bat. Artxiboko Argazkia: EFE
Oriol Junqueras aske uzteko egindako protesta bat. Artxiboko Argazkia: EFE
Oriol Junqueras aske uzteko egindako protesta bat. Artxiboko Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oriol Junqueras izango da ERC alderdiko zerrendaburua Europako hauteskundeetan, militanteei zuzendutako gutun batean iragarri duenez. Generalitateko buruzagi ohia Bartzelonako Lledoners kartzelan preso dago gaur egun.

"Europako hauteskundeetara aurkeztea Espainiar Estatuaren atzerapen demokratikoa eta errepresioa salatzeko modurik aproposena da", arrazoitu du Junquerasek ERCk larunbat honetan zabaldu duen gutunean.

Astelehenean urtebete beteko da Katalunian independentzia erreferenduma egin zutela. Junquerasen esanetan, "Espainiak Europari eta munduari bere aurpegirik txarrena erakutsi zion eguna" da.

"Laster 11 hilabete emango ditut kartzelan, eta erabat harro nago gure herriak egun horretan egin zuenarekin. Galdeketa bat egitea ez da delitua. Nire herrian aldaketa politikoa nahi izatea eta erabakia herritarren esku uztea ez da delitua. Eta errepresioa, argi dagoenez, ez da konponbidea", gaineratu du ERCko presidenteak.

Kataluniaren "eskubideen alde borrokan jarraitzeko borondatea" agertu du Junquerasek. Halaber, bere eskubide politikoez gain, "errepresaliatu guztienak" ere "babesteko prest" dagoela esan du.

"Europako hauteskundeetara aurkeztea erabaki dut. Ezarri nahi diguten errepresioa eraginkorra ez izateko modurik onena da", azpimarratu du Junquerasek. "Hausnarketa sakona egin ostean eta errepresioa pairatzen ari diren alderdikideekin hitz egin ondoren, 2019ko maiatzean Europako hauteskundeetan ERCren zerrendaburu izateko indartsu nago, eta adorez sentitzen naiz", nabarmendu du.

Hala, "errepresioari gure armarik onenarekin, alegia, demokraziarekin, aurre egin" dakiokeela azpimarratu du Junquerasek.

"Alde batera utzi eta isilarazi nahi gaituzte, baina ezin dugu hori onartu. Hala, gure esku ditugun aukera guztiak erabili behar ditugu gure asmoa zein den argi uzteko. Gehiengoa gara eta demokrazia, giza eskubideak eta Kataluniako herriaren subiranotasuna babesteko edozertarako prest gaudela argi utzi behar dugu", esan du.

Junquerasen ustez, "Kataluniaren askatasunaren afera eta independentismoaren kontrako auzia nazioartean zabaltzea inoiz baino premiazkoagoa da".

Azkenik, epaiketa ez dela bidezkoa izango esan du, eta "bozkatzea herritarren eskubidea" dela nabarmendu du, urriaren 1eko erreferendumari aipamena eginez. Halaber, "Europari eta munduari Espainiaren aurpegirik txarrena erakutsi" behar zaiola gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Batasun europarra Bartzelona Kataluniaren independentzia Europa bideoak Europako Parlamenturako Hauteskundeak 2024 Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Hauteskundeak ERC azken ordukoa Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako hauteskundeak Hauteskundeak