Politika -

Mugimenduak kartzeletan

Valentin Lasarte ETAko presoa Langraiz Okako kartzelara eraman dute

Lasartek ETArekin zuen harremana hautsi zuen eta barkamena eskatu zien biktimei. Bestalde, zazpi disidente presok "biktimei eragindako kaltea aitortzeko" eskatu diote ETAri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Valentin Lasarte Oliden ETAko kide ohia (370 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten zazpi hilketagatik) Langraiz Okako (Araba) espetxera eraman dute ETArekin zuen harremana hautsi ostean, kartzelako iturriek jakitera eman dutenez.

Lasarte Oliden 47 urteko donostiarra 1996ko martxoaren 25ean atxilotu zuen Ertzaintzak ETAren ''Donosti talde''ko kidea izatea leporatuta. Jose Maria Olarte eta Jose Antonio Santamaria enpresarien, Mariano de Juan Santamaria brigadaren, Gregorio Ordoñez PPko kidearen, Fernando Muica Herzog PSEko kidearen, Alfonso Morcillo udaltzainaren eta Enrique Nieto polizia nazionalaren hilketak leporatuta ezarri zizkioten ehunka urteko kartzela-zigorra eta kalte-ordain handiak.

Azken urteotan, Valentin Lasarte ETArengandik urruntzen hasi zen eta 2009 erdialdean Villabonako (Asturias) presondegira gerturatu zuten, eta kartzelan ordainpeko lana eskatu zuen lehenengo ETAko presoa izan zen, izan ere, ETAk debekatu egiten zien presoei hori egitea.

Lasartek erabat apurtu zuen ETArekin zuen harremana eta indarkeria baztertzeko idatziak sinatzeaz gain, barkamena eskatu zien biktimei.

Zazpi presok biktimei egindako kaltea aitortzea eskatu dute

Langraiz Okan dauden ETAko zazpi preso disidentek, "borroka armatuaren zikloa behin betiko ixteko", "biktimei eragindako kaltea eta sufrimendua aitortzea" eskatu diote ETAri. Gainera, "iraganeko akatsak" onartu beharko lituzkeela uste dute.

Presoek "bake prozesu atzeraezinarekiko konpromisoa" agertu dute, Argia aldizkariak bidalitako galdera sortan, aldizkariaren azken alean argitaratu duten elkarrizketan. Elkarrizketa ETAk urtarrilaren 10ean su-etena eman aurretik egin zuten eta ez dituzte haien izenak eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea