Politika -
PSEren 125. urteurrena
Patxi Lopez: 'Euskadiko alderdirik zaharrena gara'
Bestalde, "indarkeria oroitzapen bat izango da laster", adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, eta "inork ez dio demokraziari pistolekin eraso egingo".
Erredakzioa
PSE Euskadiko "alderdirik zaharrena" dela gogorarazi du gaur Patxi Lopez lehendakariak. Lopezen hitzetan, "Euskadiko historian sozialisten aztarna iraunkorra dago, azken 125 urteetan ez da ezer pasa gure ekarpenik edo presentziarik gabe Euskadin. Noizean behin gogoraraztea ez dago gaizki, batzuek arrotz edo usurpatzaile gisa aurkeztu nahi gaituztelako gure herrian".
Euskadiko Alderdi Sozialistaren 125. urteurreneko ekitaldian lehen hizlaria izan da lehendakaria. Ondoren, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak hitza hartu du.
Bere gobernuarekin "Euskadi duela bi urte baino hobeto" dagoela defendatu du Lopezek. Horrela, "EAJ Euskadi kudeatzeko kapaz den alderdi bakarra dela, mito hori, betirako erori da", erantsi du.
Rubalcaba
"Indarkeria oroitzapen bat izango da laster", adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, eta "inork ez dio demokraziari pistolekin eraso egingo".
Gainera, indarkeriak "ez gaitu makurraraziko", azpimarratu du Rubalcabak. "Erantzukizuna, politika egiteko beste abiapunturik ez dago", esan du Barne ministroak.
Euskal sozialistek "mintzoa goratuz herritarren konfiantza bereganatu dute, isildu nahi zituztenean", adierazi du Gobernuko presidenteordeak. "Kemenarekin eta koherentziarekin guztien errespetua irabazi duzue", esan die euskal sozialistei.