Politika -

Polizia-operazioa

Hiru alkate atxilotu dituzte ustelkeria kasu baten harira, Galizian

Ceeko, Fisterrako eta Mazaricoseko (A Coruña) alkateak dira eta horiez gain, beste bost pertsona atxilotu dituzte Costa da Morten Espainiako Polizia egiten ari den operazioan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak zortzi lagun atxilotu ditu gaur Galiziako Costa da Morten abiatu duen ustelkeriaren kontrako polizia-operazioaren baitan. Ceeko, Fisterrako eta Mazaricoseko (A Coruña) alkateak dira atxilotutakoak, polizia-iturriek jakitera eman dutenez.

Aipatu iturrien arabera, horiez gain, Fisterrako bi zinegotzi eta industria alorreko hiru enpresari ere atzeman dituzte. Era berean, Espainiako Polizia Ceeko, Fisterrako eta Mazaricoseko udaletxeetan sartu da eta bertako jarduera gelditu dute miaketak egiten dituzten bitartean.

Corcubioneko Epaitegiak zuzendutako operazioa da eta sumarioa sekretupean dago. Dena dela, badirudi operazioak eragimen-trafikoarekin, prebarikazioarekin, eroskeriarekin eta dokumentuen faltsutzearekin duela zerikusia.

Ikerketa duela urtebete baino gehiago hasi omen zen, Muxiako eraikuntza enpresa batek ustez lortu zituen legez kanpoko esleipenen harira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea