Politika -

Aldarrikapena

Iheslari eta deportatuen egoera konpontzeko irtenbide bat eskatu du Kalera Kalerak

Consuelo Ordoñez Covite terrorismoaren biktimen elkarteko presidentea ekitaldian azaldu da, eta "justizia eskatzera" joan dela esan du. Iheslariei itzuli daitezela eskatu die.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iheslari eta deportatuen egoera konpontzeko irtenbide bat adostea posible dela nabarmendu du larunbat honetan Kalera Kalera dinamikak, Tolosan (Gipuzkoa) euskal preso eta iheslarien alde egin duen ekitaldian. Izan ere, Lasa eta Zabalaren bahiketaren 35. urteurrena gogora ekarrita, 'Iheslari eta Deportatuen Eguna' ospatu dute Gipuzkoako herri horretan.

Egunean zehar antolatu dituzten jardueren bidez pertsona horiek bizi duten arazoari konponbide bat emateko erakundeen babesa izango lukeen bide-orri bat eskatu dute. Kalera Kalerak emandako datuen arabera, gaur egun 70 inguru dira iheslariak eta 14 bat deportatuak. Antza denez, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez die haien egoera juridikoaren inguruko informaziorik ematen, eta orain arte jarritako trabak salatu dituzte.

"Iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herri baten alde" lelopean, ehunka pertsona batu dira gaur Tolosan. Bertan izan dira Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan, Sortuko presoen aldeko batzordeko ordezkariak eta Etxerateko hainbat kide, besteak beste.

Jon Irazola iheslari ohiaren esanetan, “errepresioak aurpegi asko ditu Euskal Herrian". Hala, "gatazkaren gaurkotasuna heriotzek eta presoek irudikatu baldin badute ere, iheslarien arazoa ilunean gelditu da", gaineratu du. Ildo horretatik, iheslari eta deportatuak "ahaztuak izan ez arren, agenda politikotik kanpo" geratu direla deitoratu du.

"Non dago arazoa mundu osoan sakabanatuta dauden 70 pertsona horiek Euskal Herrira itzultzeko?", galdetu du Irazolak. Helburu hori lortzeko asmoz, egoera konpondu dezaketen akordioak lortzeko deia luzatu die alderdi politikoei eta erakundeei.

"Lege arruntean oinarritutako eta zentzuzkoak diren neurriak aplikatuz, bihar bertan konpondu daiteke iheslari eta deportatuen auzia", esan du Irazolak. Horretarako, Auzitegi Nazionalak gaur egun "iheslarien egoera jurudikoaz abokatuei ukatzen dien informazioa zuzen eta oztoporik gabe eman" behar diela esan du. Bigarren urratsa preskripzio epeekin izango luke zerikusia. Izan ere, "bizitza osorako ihesaldi bilakatzeko helburuarekin luzatzeko trikimailurik erabili gabe" era arruntean kontabilizatzea eskatu du.

Azkenik, "praktikarekin kutsatuta dauden sumario eta dozier juridikoak indargabetu" behar direla ziurtatu du. Bere iritziz, "ez da izango Euskal Herrian bizikidetza eta normalizaziorik preso edo iheslari bat existitzen den bitartean. Irtenbideak integrala izan behar du".

Consuelo Ordoñez ekitaldian azaldu da

Ekitaldia egiten ari zirela, Consuelo Ordoñez Covite terrorismoaren biktimen elkarteko presidentea azaldu da. Berarekin batera beste biktima batzuk agertu dira, iheslariak justiziatik ihes egindako hiltzaileak direla zioten kartelak eskuetan zituztela. Coviteko presidenteak esan du  "justizia eskatzera" joan dela bertara.

"Justiziatik ihes egindakoak zarete, hiltzaileak zareten neurrian", "Itzuli zaitezkete, ostatua eta mantenua dohainik duzue" edota "zeuen zorrak ordaindu itzazue" zioten kartelak eraman dituzte ekitaldira.

Bertan zeudenek pasibotasunez erantzun dute, eta gehienek ez diote kasurik egin. Beste batzuk, berriz, "faxistak kanpora" eta "iheslariak, etxera" oihukatuz erantzun diete. Kalera Kalera dinamikak deitutako ekitaldia oztopatu ostean Ordoñezek kazetariei azaldu dienez, "hizketan ari zirenei gaur egun ihes eginda dauden ETAko kideen zerrenda bat ematen" ahalegindu da, "haiek dituzten datuak baieztatu ditzaten".

Hala ere, bere helburua ezin izan duela lortu deitoratu du Coviteko presidenteak, eta antolatzaileek ekitalditik alde egiteko gonbita luzatu dietela azaldu du. Azkenik, "ezker abertzalearen nahiarekin bat" egiten dutelako Tolosara joan direla esan du, baina "iheslariak eta deportatuak justiziari erantzuteko" etorri behar direla azpimarratu du.

Biktimak modu alderdikoian erabili nahi izana salatu du Sortuk

Sortuk "ekitaldi baketsu bat lehertzera" joan direla salatu du ohar batean, eta "euskal gizarteak bakea nahi duenean, herria iraganera itzularaziz liskarra eragin" nahi izan dutela ziurtatu du. Ildo horretatik, "biktimak berbiktimizatzen dituena Covite bezalako taldexka ultrek horiekin egiten duten erabilpen alderdikoi eta zitala" dela azpimarratu du ezker abertzaleak.

Gauzak horrela, bakeak eta bizikidetzak "jarrera eraikitzaileak" exijitzen dituela nabarmendu du, "ez mendekuzkoak". Testuinguru horretan, terrorismoaren biktimen elkarteei "errespetua" eskatu diete: "Errespetatu ditzatela gainontzekoen ekitaldiak, gainontzekook haienak errespetatzen ditugun bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gipuzkoa Tolosa gaur Presoak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak