Politika -
Estatuko Segurtasun Indarrak
Segurtasun Indarrak Euskadin hondar-eskumenetara mugatzea nahi du Beltran de Herediak
"Badira Eusko Jaurlaritzak oso argi dituen bi gauza: Ertzaintza dela Euskadiko Polizia eta segurtasun indarren eskumen guztiak har ditzakeela bere gain", esan du Segurtasun sailburuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatuko Segurtasun Indarrak Gernikako Estatutuan jasotako "hondar-eskumenak" betetzera zuzentzeko eskatu du Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak.
"Eusko Jaurlaritzak oso argi ditu bi gauza: lehena, Ertzaintza dela Euskadiko Polizia; bigarrena, segurtasun indarren eskumen guztiak har ditzakeela bere gain", esan du sailburuak.
Halaber, gogora ekarri du Estatuko Segurtasun Indarrei zuzendutako zenbait "hondar-eskumen" jasotzen dituela Estatutuak. "Edozein modutan, polizia guztiek funtzio horrek bete behar dituzte", gaineratu du.
Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroarekin hainbat elkarrizketa izan dituela adierazi du. Besteak beste, Madrilen elkartu zen Grande-Marlaskarekin astelehenean, Frantziak eta Espainiak ETAko biktimei egindako omenaldian, eta "lehenbailehen" biltzeko konpromisoa hartu zuten bertan.
Horregatik, bilera horretarako data bilatzen dabiltzala aurreratu du Beltran de Herediak. Hitzordu horretan, 2017ko Segurtasun Biltzarrean hitzartutako akordioak aztertuko dituzte berriro.
Horren aurrean, Espainiako Gobernuarekin arazorik ez izatea espero du sailburuak, "nahiz eta sekula ixten ez diren kapituluak izan". "Akordio bat dugu, eta bertan zehazten da 8.000 pertsona biltzen direla Ertzaintzaren baitan. Baliteke etorkizunean agente gehiago behar izatea", erantsi du.
Ertzaintzaren agenteak
Hain zuzen ere, Ertzaintzak 379 agente berri izango ditu, 27. promoziotik iritsitakoak. Gaur bertan hasi dute formakuntza Arkautiko Akademian.
Gainera, Jaurlaritzaren asmoa da 28. promozioa deitzea urtea bukatu orduko. Hala, beste 400 plaza aterako lituzkete, adostutako 8.000 agenteren kopuruari eusteko. Izan ere, erretiroa hartuko duten ertzainen ordezkoak bilatu nahi dituztela esan du Beltran de Herediak.