Politika -
Bakea Euskadin
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak amaitutzat eman du lana, zazpi urteren ostean
Urriaren 17an ekitaldia egingo dute Aieteko Jauregian, eta bertan egindako lanaren balantzea eta haien egitekoa amaitutzat emateko arrazoiak azalduko dituzte.
eitb.eus
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (NHT) iragarri duenez, Euskadin duen jarduera "etetea erabaki" du, bere egiteko "ia osotasunean bete duelako", ETA aurtengo maiatzean desegin ostean.
Hedabideei bidalitako ohar baten bidez adierazi duenaren arabera, datorren astean Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall Euskadin izango dira euskal gizarte, erakunde eta ordezkari politikoei taldeak egindako ibilbidearen balantzea aurkezteko.
Gainera, gogorarazi dutenez, taldea "2011ko otsailak 14an sortu zen. Egitekoa, herrialdeko eragile nagusiekin hala adostuta, Euskal Herriko politikan normaltasuna erraztu eta ahalbidetzea izan zen. Denbora tarte horretan bakerako bidean eta gatazkaren konponbidean euskal gizartea bidelagun izaten ahalegindu gara. Horretarako, hainbat alditan izan gara Euskal Herrian, bilerak eta elkarrizketa diskretuak izaten, eragile politiko nagusiekin".
"Harremanetarako Nazioarteko Taldeak -dio oharrak- Euskal Herrian zuen egitekoa amaitutzat ematea erabaki du, ia bere osotasunean beteta dagoela iritzita, eta egingo duen bisitan erabakia hartzeko arrazoiak azalduko dizkio euskal gizarteari".
Ekitaldia Aieteko Jauregian
Gauzak horrela, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bide elkarteak ekitaldia antolatu dute urriaren 17an Donostian, Aieteko Adierazpenaren VII. urtemuga gogoratzeko eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bere ibilbidearen balantzea egin dezan.
Foro Sozialak eta Bake Bideak ohar bidez jakinarazi dutenez, Aieteko Jauregian bilera bat egingo dute, 16:00etan. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bere lanaren ondorioak azalduko ditu, eta ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatuek hartuko dute hitza.
18:00etan, ekitaldi publikoa egingo dute. Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen bozeramaileak eta Eneko Goia Donostiako alkateak hitz egingo dute. Anaiz Funosas eta Agus Hernan Bake Bidea elkarteko eta Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileek ere adierazpenak egingo dituzte.